Elikadura nahasmendua detektatzea hizpide, hilaren 8an
Gazteen artean "lehentasunezko gaitz mentala" bilakatu da elikadura nahasmena eta hori garaiz nola detektatu ildo izango dute hilaren 8ko hitzaldian, Palmera Monteron, 18:30ean.

Presio estetikoaren eragina osasun fisiko eta mentalean izeneko hitzaldi programa antolatu dute Elikaeskolak eta Parean elkarteak eta “gorputz perfektuaren” mitoa izaten ari dira ardatz. Halaber, presio estetikoak eragindako sufrimenduak “negozioa” ala “osasuna” eragiten duten aztertzen ari dira. Martxoan ekin zioten egitarauari.
Saioak hilabeteko bigarren asteartetan egingo dituzte Palmera Monteron, 18:30ean, eta hurrena hilaren 8an egingo dute. Kasu honetan, elikadura nahasmenduak nola detektatu izango da helduko duten gaia.
Hautemate “goiztiarra” gakoa dela uste dute Elikaeskolak eta Parean elkarteak. Hitzaldi honetan azaldu nahi dutena da zein gauzek susmarazten duten norbera edo inguruko norbait sufritzen egon daitekeen bere elikaduragatik, gorputz irudiagatik, ariketa fisikoagatik.
Hitzaldiaren testuinguru gisa, haur eta nerabeen artean (bereziki 12 eta 21 urteen artean), elikadura nahasmenduak “lehentasunezko gaitz mental” bilakatu direla ohartarazi dute eta hau Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du. “Pandemian nabarmen egin zuten gora elikadura nahasmenduek neska gazteen artean, muturreko kasuak areagotu egin ziren, eta arazoak oso presente dirau oraindik ere”, gaineratu dute.
Nahasmenduari lotutako hainbat konduktu aipatuko dituzte eta horiek “normalizatuta” egon arren, ez direla “osasuntsuak” azalduko dute. “Horregatik, garrantzitsua da haiek identifikatzen ikastea, nola kudeatu edo hobetu jakiteko; izan ere, elikadura nahaste bat izatera iritsi gabe, pertsona askok sufritu egiten dute janariarekin eta gorputzarekin lotutako pentsamendu, sinesmen eta
portaerengatik”, esan dute.