PSE-EE: "Gezurra da aurrekontuaren %90 gauzatu dela"
Aurrekontuaren exekuzioaren inguruko balorazioa egiterakoan, udal gobernua, hasierako aurrekontuan oinarritu dela azaldu dute, eta ez kreditu gehigarriekin osatutako aurrekontuetan.

Udal gobernuak aurrekontuaren %90a gauzatu izana gezurtatu du Hondarribiko PSE-EEk ohar baten bidez. Nabarmendu dutenez, aurrekontuaren %68 da gauzatu dutena, eta kritiko agertu dira informazioa ematerako unean izan duten jarrerarekin: “Zorrotz jokatu behar da herritarrei informazioa ematean, eta saihestu egin behar da herritarrak zuzenak ez diren kopuruekin nahastea”.
Udal gobernuak hasierako aurrekontuan oinarritu du exekuzioaren kalkulua, zehazki, 29 milioi euroko aurrekontuan. Baina kreditu gehigarrien ondorioz aurrekontua 42 milioi euro arte igo zela gogoratu dute sozialistek, eta beraz, hor dagoela gakoa. “Guztira, 13,5 milioi euro utzi dira gauzatu gabe, hau da, aurrekontuaren % 32”.
Gauzatu gabe geratu diren planen artean gizarte-larrialdietarako laguntzak, familientzako laguntzak edo pobrezia energetikoaren laguntzak bezalakoak daudela nabarmendu dute sozialistek, eta horiek exekutatu ez izana “kezkagarritzat” jo dute, horiek “familia ahulenengan” duelako eragina.
Beraz, amaitzeko, alkateak aurrekontuaren exekuzioaren “irakurketa interesatua” egiten ari dela esan dute, eta errealitatea azaldutakoarekin “bat ez datorrela” ziurtatuz.