Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra omenduko dute
150 urte pasa dira Lopetegi jaio zenetik eta Irunabar bertsoaren bilguneak urteko lehen omenaldia antolatu du apirilaren 13rako.
Joxe Mari Lopetegi bertsolari eta politikari errepublikanoa (Irun, 1875 – Arrueta-Sarrikota, 1942) duela 150 urte jaio zen eta hura omentzeko urtea izango dela aurtengoa adierazi dute Irunabar bertsoaren bilguneak eta Txingudiko bertso eskolako bertso tailerreko kideek.
Lehendabiziko hitzordua kantaldi bat izango da Bidasoko EKTn, apirilaren 13an, Lopetegi jaio zen egun berdinean. Bertso eskolako kideek eta haien inguruko lagunek Lopetegiren zortzi bertso sorta kantatuko dituzte egun horretan: Aresoarren bandera; Bizi bedi euskara; Erne egon; Askatasunaz; Begiyak argi; Amak negarrez; Bost ahizpak; Adarragak Lopetegiri; Ekaitza biotzetik.
Urtean zehar bestelako ekitaldiak egiteko asmoari jarraiki, ekainaren 7an herri bazkaria egingo dute. Aurrerago emango dituzte xehetasunak.
Bestalde, ez da lehen urtea bertso eskolak Lopetegi omentzen duena. Orain dela bederatzi urte, 2016an, hitzaldia, kantu-jira eta kantaldia egin zituzten, betiere Joxan Elosegi itzultzaile, kulturgile, euskara irakasle eta denbora-pasa sortzaileren laguntzarekin.