Irun eta Hondarribiko mugikortasuna hobetzeko asmoz, 50 milioi euroko inbertsioa
Plan bat aurkeztu dute Bidasoko mugikortasun arazoei erantzuteko xedez. Foru errepideetan egingo dituzte hainbat jarduketa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irun eta Hondarribiko udalekin batera, Bidasoko mugikortasuna hobetzeko plana aurkeztu zuten atzo. Aurreikuspenen arabera, 50 milioi euroko inbertsioa egin nahi dute konektibitatearen erronka nagusiei eta segurtasun arazoei aurre egiteko. Plan honen xedea ere bada Bidasoarentzat etorkizuneko mugikortasun eraginkorrago eta jasangarriago baterako oinarriak ezartzea.
Aurkezpenean Eider Mendoza foru diputatua, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua, Irungo alkate Cristina Laborda eta Hondarribiko alkate Igor Enparan izan ziren. Hiru erakundeek Bidasoko Mugikortasun Mahaia osatzen dute, eta bertan ondu dute atzo aurkeztutako plana.
Planari begirada orokor bat eginez gero, Bidasoko foru errepideen hainbat puntutan egingo dituztela jarduketak ikus daiteke. Batetik, Oinaurre eta Larreaundi batzen dituen hego ingurabidea bukatzeko asmoa adierazi dute. Izan ere, oroitu beharra dago errepide hau bukatzeke dagoela eta asmoa dela Arbes auzoarekin lotunea izatea da. AP-8aren irteera berri hau Arbesekin konektatzeko, 2,1 kilometroko errepidea egingo dute eta bertan biribilgune bat egin nahi dute.
Bestetik, Hondarribia eta Irunen sarbideak hobetu nahi dituzte N-638 eta GI-636 errepideen bidez; bada, Amute eta Mendelu auzoetan jarduketa zehatzak egingo dituzte. N-638 eta GI-636 errepideak elkartuko dituzte bi biribilgune sortuz. Bi biribilgune horiek saihesbide batekin lotuko dituzte eta horrela Irun eta Hondarribirako sarbideak berrantolatu egingo dituzte.
Izan ere, Amutalde kalean dagoen GI-636-13 errepideak zama handia jasaten du, Nafarroatik, Ipar Euskal Herritik eta Irundik datorren trafikoa jasotzen baitu. Horrez gain, Amute auzoko barne-mugimenduak ere beregain hartzen ditu errepide honek.
Amuten jarraituz, biribilgune bat egin nahi dute, egun semaforodun bidegurutzean dagoen lekuan. Honela, pilaketak saihestuko direla aurreratu dute. Gainera, errepidearen paraleloan noranzko biko oinezkoentzako eta txirrindularientzako bide berezia egiteko asmoa dute, mugikortasun “iraunkorragoa” eta “seguruagoa” sustatzeko.
Bestalde, Plaiaundi ikastetxearen parean, GI-636 errepidean Hondarribirako noranzkoan, errei bat gehitzeko proposamena egin dute. Errei hau ibilbide laburrentzako erabilera esklusiborako litzateke, Plaiaunditik GI-636 errepidera batzea asmo dutenentzat, alegia. Horretarako, N-636 errepideko plataforma zabalduko dute.
Bidasoko Mugikortasun Mahaia
Eider Mendoza diputatu nagusiak planaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta adierazi du Bidasoko Mugikortasun Mahaiaren lan partekatuaren emaitza dela aurkeztutakoa. Eskualdearen beharrak aztertu dituztela azaldu du Mendozak, eta mugikortasuna eraldatuko duten konponbideak adostu dituzte. “Plan honek ez ditu soilik egungo erronkak jorratzen, baizik eta garapen aukerak zabaltzen dizkie bi udalerriei”, gaineratu du.
Cristina Laborda alkateak uste du plan honek “aukera” emango duela Irunen “kokaleku estrategikoak” eta “igarobide handiko trafikoak” sortzen dituzten trafikok handiei aurre egiteko. Proiektu hauek Irunentzat ezinbesteko irtenbidea dira eta saihesbidearen eraikuntzak mugikortasunaren kudeaketa iraunkorra erraztuko duela uste du.
Igor Enparan alkateak azken urte eta erdian egindako lana balioan jarri nahi izan du eta esan du “buru-belarri” aritu direla lanean. Jarduketa hauek “ikuspegi integral” bati erantzungo diote Enparanen esanetan eta horrek mugikortasun “arinago, seguruago eta iraunkorragoa” ahalbidetuko du.
Felix Urkolak honako hau adierazi du: “Bidasoko ipar, hego, ekialde eta mendebaldean esku hartzeko planteamendua egin da, ikuspegi global eta egituratu batekin, eskualdeko mugikortasun erronka nagusiei erantzuteko aukera emango duen azterketa sakon baten ondoren”.


















