Nola irudikatuko zenuke Euskaraldia?
Euskaraldia gaitzat, azal lehiaketa antolatu du OARSO BIDASOKO HITZAk. HITZAk emandako txantiloia erabiliz egin behar dira marrazkiak.
Nola irudikatuko zenuke Euskaraldia? Galdera horri erantzuteko, Euskaraldiaren Azal Lehiaketa abiatu du OARSO BIDASOKO HITZAk. Sariketaren asmoa da, batetik, maiatzaren 15etik 25era egingo den laugarren Euskaraldiari bultzada ematea, eta bestetik, OARSO BIDASOKO HITZA irakurleek bidalitako sormen lan horiekin aberastea: aurkeztuko diren lan guztien artean bat aukeratuko du HITZAk maiatzaren 9an hedabideak Euskaraldiari buruz egingo duen astekari monografikoaren azal izateko.
6-11 adin tartekoei begirakoa da lehiaketa, eta horiek aurkezteko epea martxoaren 26tik apirilaren 11ra artekoa da. Lan guztiak A4 formatuen (ohiko orrialdeena) bidali behar dira, HITZAk prestatu duen txantiloi edo eredua erabiliz (klik egin hemen euskarri hori lortzeko). Lanak, HITZAk propio prestatu duen helbide elektronikora bidali behar dira, digitalizatuak (eskaneatuak, lanen argazkirik ez): marrazkiak behar dute izan, argazkiak ez dira onartuko. Marrazkia bidaltzearekin batera, hurrengo datuak atxiki behar zaizkio word edo PDF formatuan: izen-abizenak, jaiotze data, eta herria.
16 urtetik gorakoentzat dago espresuki prestatua Euskaraldia. Euskararen erabilerari ufada emateko ariketa kolektibo erraldoian, baina, haurrak ere zeharkako partaide izan daitezke. Izan ere, lehiaketaren bidez Euskaraldia zer den jakin dezakete gaztetxoek, eta horrela, Euskaraldia bitartean, euskararen erabilera ohituretan eragin asmo duen egitasmo handiaren eragin dezakete, bertako partaide aktibo direnekin euskarazko hartu-emana izaten.
Sariak
Lehiaketarik ez da saririk gabe. Euskaraldiaren Azal Lehiaketarekin sari asko banatuko dira. Horietatik bat azal lehiaketaren irabazle denak aukeratu ahal izango du; beste hamarrak, ordea, partaide guztien artean zozketa bidez esleituko ditu hedabideak.
Honakoa da sarien zerrenda:
- Irrisarrilanderako 5 natura bonu (Irrisarriland).
- Sendavivarako heldu batentzat eta txiki batentzat gonbidapen bana (Sendaviva).
- Aiamendi Parkerako 6 gonbidapen (Aiamendi Parkea).
- Motxila eta koloreztatzeko materiala (Urrats paper denda).
- Katxiporretaren 4 produktu sorta (Katxiporreta).
- Argitxoren produktu sorta (Ikastolen Elkartea).
- Go!azen telesailaren produktu sorta (EITB).
- Irabazi arte! telesailaren produktu sorta (EITB).