Hezkuntza publikoko grebaren balorazioa egin du Txingudi ikastolako guraso elkarteak
Babes osoa erakutsi diote hezkuntza publiko "duin baten alde" borrokan ari diren irakasleei. Ikasleak hezkuntza publikoaren erdigunea behar dutela izan aldarrikatu dute.

Aste honetan hezkuntza publikoko eskoletako langileek greba egin dute eta Txingudi ikastolako guraso elkarteak honen balorazioa plazaratu du. Babes osoa adierazi diote hezkuntza publiko “duin baten alde” borrokan aritu diren irakasleei eta balioan jarri dute haien hitzarmena berritzeko borroka izateaz gain, “gure seme alabek merezi duten arreta eta kalitatezko denbora bermatzeko baliabideak” ere jokoan egon direla. Laburbilduz, hezkuntza publikoa bera.
Hezkuntza publikoa defendatzea, ikasle, irakasle, eskolako langile eta guraso guztien ardura dela uste du guraso elkarteak. Bide horretan, greba ziklo berri bat hasi dela uste dute eta helburu horiek haienak egin dituzte.
Irungo itunpeko ikastetxeek ez dutela hiriko “benetako errealitate soziala” islatzen adierazi dute eta “bunkerizatutako irundarren” hezkuntza pribatua direla ikastetxe horiek gogor seinalatu dute. Eskola horietara diru publikoa bideratzea kritikatu dute, uste baitute hori babestu bitartean Eusko Jaurlaritzak eskola publikoa babesteko “borondate eza” erakusten duela.
Eusko Jaurlaritzaren “borondate ezak” guraso elkarteko seme-alaben etorkizun akademikoa eta laborala kolokan jartzen dituela deitoratu dute. Era berean, eskolan egunerokoan ikasleen ongizatea eta eskubideak kolokan daudela iritzi dute. “Baita demokraziaren eta eskola publikoaren ekitate eta berdintasun aukera printzipioak apurtu ere”, erantsi dute.
Erakunde publikoei “ardura” exijitu diote bakoitzari dagokion beharretan.Irakasleen eta haien ordezkoen edota errefortzuko irakasleen lan baldintzak bermatu behar direla eskatu dute, lan baldintzekin eta eskolarako baliabide materialekin batera. Ardura hau Eusko Jaurlaritzarena eta Irungo Udalarena dela uste dute. Azken hauen ardura eskolaren mantenua dela zehaztu dute eta uste dute gutxieneko hau ez dagoela bermatuta.
Azkenik, guraso elkartekoen seme-alabak eskola publikoaren “erdigunean” egon behar dutela iritzi dute, “ez baitute, ez baitugu ezer gutxiago merezi”.