Bidasoa ertzetako barandetan metalezko sareak jartzeko eskatu du Eguzkik
Hondakinak ibaira ez erortzea ekiditeko proposatu dute metalezko sareak. Gipuzkoako hainbat herrietan dagoeneko jarri dituztela esan diote Irungo Udalari.

Hondakinak Bidasoa ibaira ez iristeko, ibai-ertzetan dauden barandetan metalezko sareak jartzeko eskakizuna egin dio Eguzki Talde Ekologistak Irungo Udalari. Sare hauek dagoeneko hainbat herrietan jarri dituzte: Pasaia, Oiartzun, Errenteria, Hernani edota Elgoibar.
Hondakinak batzuetan nahigabe eta besteetan hondakinak lurrera botatzen direlako iristen dira ibaira eta azken modu hauy oraindik “oso sustraituta” dagoela ohartarazi du talde ekologistak. Proposatu duten sareak hamaika hondakin gelditzen dituela konprobatuta dutela azaldu dute: latak, tabako kaxak eta beraien plastikozko bildukinak, zigarrokinak, maskarak, paperezko, mahai-zapiak, plastikozko poltsak, botila plastikozkoak zein beirazkoak, snack-ak…
Ibaien eta kosten mesedetan horrelako neurri ekologikoek “berebiziko garrantzia” dute Eguzkiren ustez, baina gogoratu dute hondakin onena sortzen ez dena dela. “Zenbat eta hondakin gutxiago sortu, gero eta ingurumen-inpaktu txikiagoa, noski. Ibai eta itsasoari dagokienez, gauza bera: hondakinik onena da uretara iristen ez dena”, bukatu dute.