Abotsanitzek 2024ko aurrekontuen balantze positiboa egin du
2024koa gastatu eta jaso den aurrekontu handiena dela diote; hori, kudeatzeko gai direnaren eta aurrekontu "erreal eta egingarrien" adierazle dela diote.

2024 urteko kontu likidazioa amaituta, Abotsanitzek irakurketa positiboa egin du “aurrekontuak izan duen gauzatze mailari dagokionean, bai eta kudeaketa efiziente, erreal eta egingarri bat” gauzatu dutelako.
Oharrean aipatu dutenez, 2024ko hasierako aurrekontua 29.053.752 eurokoa zen, aurreko urtearekin alderatuta %15-eko igoera zuena eta zergak eta tasak izoztu zituztenekoa. Diru sarrerei eta gastatutako kopuruari so, “harro” sentitzen da alderdia, “historian gastatu eta jaso den aurrekontu handiena” delako 2024koa. Hortaz, sinistuta daude, hori, kudeatzeko gai direnaren eta aurrekontu erreal eta egingarriak egin dituztenaren adierazle dela.
Ildo horretatik, azken bi agintaldietan “aurrekontu irrealak” eta “gauzatzen ez zituzten eta urtero errepikatzen ziren proiektuak” txertatzen zituztela salatu dute. Horren adibidetzat jo dituzte San Nikolas zubia eta Saindua gaztelekua.
Era berean, altxortegiaren bilakaera ere izan dute hizpide. “2015eko kontu likidazioa egin zenean 37,88 milioi zeuden altxortegian, eta 2021eko likidazioan sabaia jo zuen soberakinak: 62 milioi eurokoa. Agintaldi eta erdian 24 milioi euroko igoera izan zuen altxortegiak, zerbitzuak ez eskaini eta erabiltzen ez zen diru batekin bete zena”, diote.
24 milioi euroko pilaketa hori “gaitasun eza eta planifikazio politiko falta”-ren ondorio dela azpimarratu du Abotsanitzek. Taldearen hitzetan, Abotsanitz Udal Gobernuaren parte denetik kudeatzeko eredu berri bat jarri nahi izan dute martxan: “gertukoa, erreala eta egingarria”. Gauzak horrela, adierazi dute 2023an soilik urte horretan egin zitezkeen proiektuak jaso zituztela aurrekontuetan. Hots, “diru sarreren benetako oreka bat” bilatu zutela ere gehitu dute.
Horretaz guztiaz gain, Abotsanitzek dio “hitzetik ekintzara” pasa direla “baita aurrekontuetan ere”. Planifikazioa eta gauzatze maila “errealak eta baikorrak” izan direla esanaz jarraitu dute. Altxortegiari dagokionean, bestalde, azpimarratu dute kopurua beheraka doala; zehaztu dute 2024ko kontu likidazioaren balantzean 935.037,85 euroan txikitu dela altxortegia.
Ondorioz, Abotsanitzek dio datu guztiak ikusita exekuzio eta gauzatze mailaren balorazio positiboa egiten duela. “Kudeatzeko gai garela baieztatu dugu, aurreikusitako ia dena garatzeko, bai eta etorritako inbertsioak burutzeko ere. Gure konpromisoa da etorkizunean joera berdina mantentzea. Urratsez urrats ari gara”, amaitu dute.
Zenbait datu eta urteetako eboluzioa ikusteko, egin klik hemen.