Udal gobernuari "zifrak puztea" leporatu dio EAJk
2024ko aurrekontuaren benetako exekuzioa ez dela %68ra iristen, eta hortaz, konpromiso asko bete gabe geratu direla diote jeltzaleek.

Iragan astelehenean 2024ko kontabilitatearen balantzea egin zuen Hondarribiko Udalak. Datuak ematerakoan aurrekontuaren %90 gauzatu zutela adierazi zuen Igor Enparan alkateak, baina txosten teknikoek “bestelako errealitatea” islatzen dutela adierazi du Hondarribiko EAJk: “Benetako exekuzioa ez da %68ra ere iristen”.
Jeltzaleek azaldu dutenez, agintean zeudenean likidazioa kalkulatzeko hasierako aurrekontua soilik erabiltzea “kritikatu” eta eta behin betiko aurrekontua kontuan hartzeko eskatzen zuen Abotsanitzek. “Orain, ordea, zifrak makillatzeko irizpide propioa alde batera uztea erabaki dute” esan dute.
Horrez gain, alkateak hartutako konpromiso asko ere ez direla bete esan dute: “Muliateko oinezkoen zubia, Mendeluko Open Gela, San Telmoko gazteluko ikerketa lanak, hiri-autobusa, landa bideak hobetzeko Auzobideak proiektua, kiroldegiaren udal kudeaketa, bidegorri sarea handitzea, GKEentzako dirulaguntzak…”. Horregatik, 2024an egindako kudeaketa azaltzeko udal gobernuak erabiltzen duen “tonu triunfalista” ulertezina dela esan dute.
Mendeluko Opengela
Hil honetan gauzatuko den osoko bilkurara Mendelu auzoan dagoen Open Gela garatzeko zerbitzua kontratatzeko proposamena eramango dutela aurreratu du EAJk, “milioi bat eurotik gorako balioa izango duen kontratua”. Auzoa biziberritzeko eta bizilagunen beharrei erantzuteko premiarekin bat egiten duten arren, udal gobernua azpikontratazio bidezko kontratuak egiten aritzea “kontraesankorra” iruditzen zaie. Horregatik guztiagatik, “herritarrenganako zorroztasuna, koherentzia eta errespetua” eskatu dute jeltzaleek.