Osasun Mentaleko zuzendariarekin elkartuko dira Irun eta Hondarribiko alkateak
Hurrengo astean bilduko dira eta zerbitzu hau berreskuratzea eskatuko diote. Kalitatezko osasun arreta eskaintzeko irtenbideak ere galdegingo dizkiote.

Haur eta gazteen psikiatria zerbitzua Donostia Ospitalera aldi baterako lekualdatu behar dutela eta, hainbat familien kezkak jaso ditu Cristina Laborda alkateak, eta horregatik Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendaritzarekin bilera egingo du hurrengo astean. Bilera honetan Igor Enparan Hondarribiko alkatea ere egongo da.
Zerbitzu hau berriro berreskuratzea galdegingo diote Osasun Sailari. Halaber, eskualdeko herritar guztientzako kalitatezko osasun arreta bermatuko duen irtenbide baten alde lan egiteko eskatuko diote. Labordak nabarmendu nahi izan du osasuna “beti” izan dela “lehentasuna” eta herritarren bizi kalitatea eta ongizatea dela alkateen erantzukizuna.
Aipatutako psikiatria zerbitzuaren faltaren aurrean, “osasunaren defentsaren aldean” egongo direla azaldu du Labordak, “Irunek eta Bidasoak Gipuzkoako beste herri batzuek dituzten zerbitzu publiko berberak izan ditzaten”, zehaztu du.
Ekarpenak biltzeko bidean, Osasun Bidasoa plataformarekin elkartu da Irungo alkatea. Plataformarekin biltzeko beste arrazoi bat ere izan da egungo egoera bertatik bertara ezagutzea, hurrengo asteko bileran Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendaritzari hori helarazteko.