Imanol Gil hirugarren Munduko Master Txapelketan
60 metroetan lortu du irundarrak podiumeko hirugarren tokian kokatzea. Gaur arratsaldean, berriz, 200 metroko proban parte hartuko du.

Imanol Gil irundarrak brontzezko domina eskuratu du Alachua County-n (Floridan) jokatzen ari den Short Track modalitateko Munduko Master Txapelketan. 35-39 urte bitarteko kategorian lehiatu da eta 60 metroetan lortu du podiumeko hirugarren tokian kokatzea.
Kanporaketan 7,12 segundoko marka egin zuen Gilek, haren seriean hirugarren amaituz. Finalerdietan, berriz, aurrera pauso bat eman zuen eta kronometroa 7,04an gelditzea lortu zuen, txapelketako haren denborarik onena. Finalean, azkenik, 7,05eko denbora egin zuen. Azken metroetaraino borroka estua izan zuen Florent Ribet frantsesarekin. Ribetek zilarra eskuratu zuen eta Gilek brontzea.
Dena den, irundarrak ez du gehiegi ospatzeko tarterik izango, datozen orduetan (EE.UUko 18:25ean, Euskal Herriko 23:25ean) 200 metroko proban parte hartuko baitu. Hilaren 23an hasi zen lehia eta hilaren 30ean (igandea) bukatuko da.