Lourdes Anza: "Itsasoaren edertasuna, biodibertsitatea eta garrantzia transmititu nahi genuen, itsasoa zaintzeko beharraz sentsibilizatzeko"
1975ean sortu zuen Realeko Itsaspekoak elkarteak 'Cimasub' nazioarteko itsas zikloa. Bihartik larunbatera bitarte 16 film labur eta hiru dokumental proiektatuko dituzte.

Realeko Itsaspekoak elkarteak itsas hondoa ezagutzera emateko sortu zuen Cimasub nazioarteko itsas zikloa, 1975ean. Herritarrek urpekariek ur azpian ikusten zuten gauza bera ikusi zezaten nahi zutela azaldu du Lourdes Anzak, Cimasub taldeko kideak. “Gizartea mundu liluragarri baina ez oso ezagun batera hurbiltzea zen gure asmoa, pertsona askok gozatzeko aukerarik ez zutelako. Itsasoaren edertasuna, biodibertsitatea eta garrantzia transmititu nahi genuen, itsasoa zaintzeko beharraz sentsibilizatzeko”.
Ordutik, itsasoa izugarri aldatu da, eta, “tamalez”, okerrerako izan dela zehaztu du Anzak. “Maila globalean zein Kantauri itsasoan, biodibertsitatearen eta itsas bizitzaren kantitatea murrizten ari da. Zabor gehiago dago, gehiegizko arrantza gehiago, eta klima aldaketaren ondorioz tenperatura igotzeak eragin handia du gure ekosistemetan. Itsasoa sufritzen ari da” deitoratu du.
Jaialdi internazionalak bilakaera handia izan du. Hasieran proiekzioak “planetako itsas hondorik ikusgarrienak” erakustera bideratzen zituzten nagusiki, baina denborak aurrera egin ahala, “ozeanoen sufrimenduari” buruzko lan gehiago jasotzen hasi ziren. Egun beraz, urpeko irudiak salaketa ekologikorako eta dibulgaziorako tresna bihurtu dira.
Publikoaren aldetik ere interesa hazten ari dela sumatu dutela azaldu du, “pertsonek zer gertatzen ari den eta itsasoa zaintzen nola lagundu dezaten jakin nahi dutelako”. Hondarribian, adibidez, jendearen interesa oso handia izan dela hasieratik zehaztu du. Cimasub sortu zutenetik 48 edizio antolatu dituzten arren, aurtengoa 16. edizioa izango da Hondarribian. “Itsasoarekin oso lotura berezia duen lekua da, bere bizitzaren, historiaren eta ohituren parte baita. Guretzat oso leku esanguratsua da eta ilusio handia egiten digu esperientzia hau Hondarribiko biztanleekin partekatzea”.

‘Tales of Tiny Treasures’ – Carlos Villoch.
Zinema saioak
Hondarribian hiru zinema saio izango dira. Lehen egunean, bihar, brontzearekin sarituak izan diren lanak proiektatuko dituzte. Bigarren egunean, hilaren 28an, zilarrezko sariak lortu dituztenak, eta azken egunean, hilaren 29an, urrezkoa lan gisa izendatu zituztenak. Guztira 16 film labur eta hiru dokumental proiektatuko dituzte.
100 lan baino gehiagoren artean hautatuak izan dira, eta horien bidez, itsaspeko hainbat paisaia aztertu eta funtsezkoak diren gaiak jorratuko dituzte; hala nola, marrazoen egoera, itsas dibertsitatea, arrantza tradizionala industriaren aurrean, klima aldaketak ozeanoetan duen eragina edota desagertutako espezieak.
Zinema saioez gain, argazki lehiaketa bat antolatzen dute ere. Eta hori, jaialdiko “jarduerarik zirraragarrienetariko bat” da antolatzaileentzat. 700 argazki baino gehiago jaso dituzte aurten: planetako itsas hondorik ikusgarrienak eta itsas ekosistemaren hauskortasuna erakusten dutenak.
Azkenik, hezkuntzari bideratutako jarduerak ere jaialdiaren parte izaten dira. Txikienekin, bereziki lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin proiekzio eta hitzaldi parte hartzaileak egiten dituzte, “txikitatik zaintzearen garrantzia irakasteko”. Hortaz gain, unitate didaktiko bat jasotzen dute ere, ondoren ikasgelan landu dezaten. “Etorkizuneko belaunaldiak heztea lortzen badugu aldaketa erreala eta iraunkorra egin ahal izango dugu, herritarrek itsasoa eta ingurumena zaintzeko duten kontzientzian”.