Bizirun elkarteak Batzar Nagusietan hitza hartzea eskatu du Elkarrekin Irunek
Maiatzaren 20ean atzerri politikekin lotutako araudi berria sartuko da indarrean eta horren "eragin negatiboaz" ohartarazteko Bizirun elkartearen agerraldia eskatu dute.

Espainiako Atzerri Ministerioak arautegi berria onartu du eta maiatzaren 20an sartuko da indarrean. Elkarrekin Irun koalizioak salatu du Gipuzkoako jende askoren oinarrizko gizarte eskubideetan “eragin negatiboa” izango duela araudi honek eta horri buruz hitz egiteko Bizirun elkartearen “urgentziazko” agerraldia eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Bizirunen jarduna Irun eta Bidasoko familia zaurgarrienei akonpainamendua egitea da eta aurreratu dute, araudi berri honek zaurgarritasun egoerara itzuliko dituela hainbat familia. Era berean, hainbat giza eskubide galduko dituztela ohartarazi dute. Bestalde, araudi berriak etxebizitzarako sarbideen baimenetan eta lan baimenetan “eragin positiboa” izango du.
Bizirun elkartea
Iazko ekainean sortu zuten ofizialki Bizirun elkartea baina 2020ko maiatzetik dabiltza Irungo pertsona eta familia zaurgarriak akonpainatzen. Elkartearen helburu nagusia informazioa ematea eta oinarrizko giza eskubideen sarbidean laguntzea da.
Elkarrekin Irunek balioan jarri nahi izan du elkartearen oinarrizko lana eta familiekin daukan konpromisoa eta gogoratu dute elkarte honetako kideak lan boluntarioa egiten dutela.
“Familia askorentzat hesiak dira beraien zaurgarritasun egoera, legeen eta dekretuen konplexutasunak, eta administrazioen funtzionamendu hutsunea” azaldu du koalizio moreak. Baldintza hauek gizarte eskubideak “lorrezinak” bilakatzen direla eta hau horiek gehien behar dituzten familiek pairatzen dutela salatu dute.