Bideko segurtasun ikastaroetan, 4.000 irundar
Nagusiki Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek egin dituzte formakuntzak, baina baita guraso izan berriek eta adinekoek ere.

Bideko Segurtasun Programaren barruan hainbat saio egin dituzte eta horietan 4.000 irundarrek hartu dutela parte jakinarazi du udalak. Gehienak eskoletako ikasleak izan dira, Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoak. Programa honen datuak eman ditu gaur Iñigo Berges Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako ordezkariak, Maite Erro eta Txema Ortun agenteekin batera.
Saioen helburua, zirkulazio istripuei aurrea hartzea izan da, mugikortasun ohitura seguruak sustuz eta alkohol eta droga kontsumoak gidatzean dituen ondorioen gainean kontzientziatzea. Arreta berezia jarri dute bidean arriskurik handiena dutenengan, hots, haurrengan.
Hiriko txikienei ikastaroa eskaintzeko, Mugikortasun segururako hezkuntza: konpetentzien gida-n oinarritu dira. Gida hau Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen eta errespetua, bizikidetza eta ardura sustatzea du xede.
Bergesek Bideko Heziketarako agenteen lana nabarmendu nahi izan du eta azaldu du Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasle guztien prestakuntzaz arduratzen direla. “2024ko programak inpaktu esanguratsua izan du, parte hartzea masiboa izan baita eta antolatu diren jarduerek parte hartzaileen segurtasuna eta bideko kontzientzia areagotu dituzte”, azaldu du. Ildo horretan lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Guztira 3.400 ikaslek jaso dituzte saio teoriko eta praktikoak eta Udaltzaingoaren instalazioetara gerturatu dira horretara. Bestalde, Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleak “isun adiskidetsuak” jartzen aritu dira oinezko eta gidari arduragabeei, Auzoan oinez programarekin. Aldiz, seigarren mailakoek kalean zirkulatzen zuten ibilgailuen arteko bizikleta martxak egin dituzte.
Bigarren Hezkuntzako 139 ikaslek jaso dute formakuntza eta bizikletarekin zirkulatzen ikasi dute. Horrez gain, behar bereziak dituzten taldeentzako saio espezifikoak ere eman dituzte, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 23 ikaslerekin.
Lanbide Heziketako ikasleei begira jarrita, Mendibil Prestakuntzarako Zentroko 37 ikaslek alkohol eta kalamu kontsumoak gidatzean dituen ondorioak landu dituzte. Bestalde guraso berriek ere eduki dute zer ikasi eta autoetan haurrak lotzen ikasteko teknikak ikasi dituzte. Azkenik, 117 adinekok harrapatuak izateari eta lapurretei aurrea hartzeko bideak irakatsi dizkiete.
Programak iraun bitartean Mugikortasun Jasangarriaren Europaren Astea izan da eta 200 pertsona elkartu ziren Irunen egindako bizikleta martxa herrikoian. Bertan, Udaltzaingoko agente berriek zirkulazio gaiei eta bideko segurtasun gaiei buruzko prestakuntza saioak eman zituzten. Ertzaintzarekin elkarlanean ere aritu dira eta ostatuetan lapurretei aurrea hartzeko saioetan hartu dute parte.