Txosna jartzeko eta kontzertua emateko eskaerak, hilaren 31ra arte
Aurtengo San Pedro eta San Martzial jaietan txosna jartzeko edota kontzertua emateko eskaerak egin daitezke jada.

San Pedro eta San Martzial jaietarako prestakuntza lanekin hasia da udala eta gaur jakinarazi dute hilaren 31ra arteko epea dagoela txosna jartzeko eskaerak egiteko eta baita jaietako kontzertuetan talde nagusien aurretik jotzeko eskaerak egiteko ere.
Txosnak
Urdanibia plazan jarriko dira aurten ere txosnak, ekainaren 14tik uztailaren 1era, bi egunak barne. Sei txosna jartzeko baimena emango du udalak eta zozketa bidez banatuko dira. Onartzen diren behin-behineko zerrenda eta baztertzen direnena apirilaren 2an egingo dute publiko. Zozketa, berriz, apirilaren 8an egingo da, Amaia KZko hitzaldi aretoan. Eskatzaile bakoitzaren ordezkari batek bertan egon beharko du.
Eskaerak udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin behar dira eta parte hartzeko baldintza guztiak udalaren orrialdean bildu dituzte. Oinarrian-oinarrian, eskaera egiten duten elkarteek bi urteko jarduera izatea dago. Kontsultatu guztiak honako loturan.
Musika taldeak
Irungo taldeek haien jaietan jotzeko aukera da udalak eskaintzen duen hau eta bi kontzertu izango dira: ekainaren 21ean eta 23an. Biak ala biak Urdanibia plazan.
Jotzeko eskaera egin nahi duten taldekideen erdiak Irunen erroldatuta egon beharko dute, eta taldeak ordu beteko errepertorioa eduki beharko du. Horrez gain, ekainaren 21ean arituko den taldeko kideen %70ek 18 eta 25 urte bitartekoak beharko dute izan. Kasu honetan ere Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egin beharko dute eskaera.