Irungo irakasleak batera atera dira aldarrikatzera
Irungo 11 eskola publikoetako irakasleak San Juan plazan elkartu dira eta hitzarmen berria aldarrikatu dute. Halaber, salatu dute "adar jotzea" dela azken momentura arte greba egin ala ez ez jakitea.

Irungo irakasleek deialdi bateratu zaratatsua egin dute San Juan plazan, gaurko, biharko eta etzirako dei egin dituzten greba egunetarako aldarrikapenak batera egiteko. Irungo 11 ikastetxe publikoetako berrehun bat irakasle elkartu dira. Artizar Susperregi Dunboako irakasleak azaldu du deialdi orokorrez gain, elkarrekin zerbait egiteko gogoa zegoela hiriko irakasleen artean. “Harrera oso ona izan du eta gehienak hemen gaude”, adierazi du.
Hezkuntza publikoan azken urteetan lan zama handitu egin dela deitoratu du Susperregik, eta baliabideak handitzen ari direla esaten den arren, hori ez dutela nabaritu salatu du. “Ez dugu baliabide gehiago ikusten eta eskola publiko gehiengoetan berdin sentitzen dugu. Horren aurrean ari gara borrokan. Zerbait aldatu edo hobetzeko garaia da”, esan du Susperregik.
Hamabost urte daramate hitzarmena berritu gabe, baina salaketa nagusia gero eta gehiago dena “protokolizatzen” ari direla da Susperregirentzat. “Ez gara iristen eta horrek eragin zuzena dauka ikasleengan. Ez daukagu ez kalitatezko denborarik ezta baliabiderik ere”.
Borroka honetan Dunboako irakasleek baieztatu dute gurasoen babes gehiago nabari dutela. Haiek ostiral guztietan elkarretaratzea egiten dute ikastetxearen atarian eta gurasoak “gertuago” daude. “Sentsazioa bada ulertuak garela eta horrek babesa ematen digu”.
Azken momentura arteko deialdia
Sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza ordu txikiak arte egon dira negoziaketan baina ez dira akordiora iritsi. Beraz, gaur goizera arte irakasleek ez zekiten greba egingo ote zuten ala ez. Hori “adar jotzea eta lotsagarria” iruditu zaie Irungo irakasleei. “Hitz politak egon dira, baina zirriborroa idazteko eskatu denean gauzak lausotu egin dira”, azaldu du Irungo irakasleen taldeak.
Goizean jasotako berrien arabera, Irungo irakasleen taldeak adierazi du “atzerapausoak” usaindu dituztela. Esate baterako, 30 ikasgelako hiru kide badaude zuzendaritzan, hori murrizteko proposamena mahai gaineratu duela Eusko Jaurlaritzak salatu dute. Greba egin duten irakasleak haserre ageri dira.
Atzoko iluntzeko 22:00etan gehiengo sindikalak adostuta zeukan Hezkuntza Sailari bidali asmo zuten dokumentua. Honetan lan baldintzen hobekuntzak jasota zeuden, hala nola, soldataren %8ko igoera, eta mahai negoziatzailera eramaterakoan Hezkuntza Sailak atzera bota duela dokumentua salatu dute irakasleek. “Soldata igoeraren proposamena %6ra jaistea proposatu zuten mahai negoziatzailean eta gehiengo sindikalak atzera bota du proposamen hori. Negoziazioa mahaia goitik behera bota da”, salatu dute.
Grebaren jarraipen datuak
Irungo 11 ikastetxeetako datuak lortzeko lanean ari da HITZA eta orain arteko datuak dira jarraian publikatutakoak. Dena den, datu horietan zenbatek egin duten greba jaso da ehunekotan, eta gainontzekoak greba egin ez dutenak lirateke. Zenbatzeko modu honetan “tranpa” dagoela salatu dute Irungo irakasleek, zaku berean sartu baitituzte greba ez egitea erabaki dutenak eta gutxieneko zerbitzua betetzera derrigortu dituztenak. Zenbatzeko modua aldatzeko eskaera egin diete sindikatuei. Eguzkitza BHI izan da datuak eman nahi izan ez dituen bakarra.
- Elatzeta: %72
- Dunboa: %71
- Eguzkitza LH: %66
- Toki Alai HH LH: %55
- Toki Alai BHI: %29
- Belaskoenea: %75
- Leka Enea: %52
- Hirubide: (jasotzeke)
- Txingudi HH LH: %63
- Txingudi BHI: %72
- Pio Baroja institutua: %56
- Bidasoa Lanbide Heziketa: %10
- Plaiaundi Lanbide Heziketa: %37
Hondarribiko Talaia ikastetxeko irakasleen %46k greba egin dute. Irungo deiari erantzun diote Hondarribiko irakasleek.