Haur psikiatria zerbitzua ixtea "galera" da Osasun Bidasoarentzat
Eusko Jaurlaritzari eskatu diote "berehalako" konponbideak eman ditzala azken lau urteetan "itxi" edo "prekarizatu" diren zerbitzuetarako.

Pasa den astean Elkarrekin Irun alderdiak salatu zuen Bidasoa ospitalean ematen den haur psikiatria zerbitzua Donostiako ospitalera lekualdatu dutela. Berria izan bezain pronto, Hondarribian manifestazioa egin zuten iragan larunbatean eta gaur Osasun Bidasoak adierazi du itxiera hau “galera” dela Bidasoa eta Bortzirietako eskualdeetako osasun arreta publikoaren kalitaterako.
Gogoratu dute azken urteetan nabarmen luzatu direla itxaron zerrendak honako zerbitzuetan: urologia, erradiologia eta mina. Are, “modu kezkagarrian” hazi direla traumatologia eta otorrinolaringologiako zerrendak deitoratu dute. Orain, haurren psikiatria zerbitzua itxita, are gehiago hondatuko dela eskualdeko osasun publikoa ziur da plataforma.
Osasun mentalaren arreta “defizitarioa” izan dela “historikoki” oroitu du Osasun Bidasoak: “Paziente helduak Irungo Udalak duela 22 urte baino gehiago behin-behinean Osakidetzari utzitako lokaletan artatzen dira”. Horrez gain, instalazioei begira jarri dira eta horien “antzinatasunak” eta “prekarietateak” oztopo egiten dute kalitatezko arreta emateko.
Pertsonala kontratatzeko muga direla instalazioak esan dute, kontsulta gune falta dagoelako. “Haur eta gazteen psikiatriako zerbitzua Bidasoako Ospitaleko bigarren solairuan zegoen, ebakuntza gela berriak aurreikusita dauden lekuan”, azaldu du plataformak.
Eskaerak
Eusko Jaurlaritzari “berehalako” konponbideak eskatu dizkiote, azken lau urteetan “itxi” edo “prekarizatu” dituzten zerbitzu espezializatuen kalitatea berreskuratzeko bidean.
Azkenik, plataformak babesa erakutsi die haur eta gazteen psikiatria zerbitzua ixtearen ondorioz kalteak pairatzen ari diren familiei. Herritarrei adi egoteko galdegin diote iragarriko dituzten mobilizazioetan parte hartzera. “Egungo egoerari buelta eman behar zaio eta lehen genuen osasun arreta berreskuratu behar dugu”, bukatu dute.