Espainiako Kopako azken faserako sarrerak, salgai
Ekainaren 6tik 8ra jokatuko da Espainiako Kopa Irunen eta Berrly plataformaren bidez erosi behar dira sarrerak.

Gaur jarri dituzte salgai ekainaren 6tik 8ra Artalekun jokatuko den Espainiako Kopako azken faserako sarrerak. Horiek eskuratu nahi dituenak Berrly plataformaren bidez egin beharko ditu eta Bidasoa eskubaloi taldeak kudeatuko ditu ondoren.
Guztira 1.000 abonu jarri dituzte salgai, Artaleku kiroldegiko 1, 5, 6, 7, 8, 9, eta 10 sektoreetarako eta prezio murriztuan daude hauek; helduen bonua, 45 euroan, eta 15 urtetik beherakoena, 30 euroan.
Talde sailkatuak zeintzuk diren jakitean hjarriko dira salgai egun bakoitzerako gainerako abonuak eta hori apirilaren 10etik aurrera izango da. Sarrera hauen kostua bost euro garestiagoa izango da, hau da, helduentzakoak 25 euro balioko du egun bakoitzeko, eta 15 euro, 15 urtetik beherakoentzat.
Bestelako kontuei dagokienez, udalak aurreratu du hiria “dekorazio bereziarekin” apainduko dutela, ekitaldiak hala eskatzen duela iritzita. Besteak beste, Artaleku kiroldegiko kanpo kartelak eguneratuko dituzte eta partidak diren momentuetan, publikoarentzako jokoak ere eskainiko dituzte pantailen bidez. Elur Cambronero ari da txapelketa honetako iruditeria diseinatzen.
Horrez gain, ostiral eta larunbat gauean musika ekitaldiak antolatu dituzte San Juan plazan. Aurrerago iragarriko dituzte kontzertu hauek.
Bestalde, eskubaloiko teknifikazio batzuk ere egingo dira. Esate baterako, entrenamendu irekiak egingo ditu Bidasoak kadeteentzat eta ikastetxeentzat. Espainiako Eskubaloi Federazioaren eskutik ere beste lau teknifikazio saio eskainiko dituzte Irunen eta Gipuzkoako beste herri batzuetan: atezaintza, taldea kudeatzea eta lidergoa, jokoaren irakurketa, arbitroen erabaki hartzea: partida kudeatzea eta kontrolatzea eta psikologia arbitrala.
Gipuzkoako Federazioaren teknifikazioak: Bidasoa eskubaloi taldeko atezainen prestatzaileekin saioa eta eskubaloiko atezaintzari buruzko prestakuntza-saio bat eta mahai-ingurua. Datuak aztertzea eta bideoa editatzea: XPS programa erabiltzeko oinarrizko
prestakuntza, Gipuzkoako oinarrizko taldeetako prestatzaileentzat.
Azkenik, ekainaren 7an Eskubaloia plazaratuz jarduera egingo dute Kolon pasealekuan. bertan, eskubaloiko zelai txiki batzuk jarriko dituzte errepidean eta umeentzako puzgarriak egongo dira Zabaltza plazan eta Luis Marianoko lorategietan.