Hiru eguneko greba hasi dute hezkuntza publiko irakasleek
Sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzak ez dute akordiorik lortu, beraz, gaur eta etzi arteko greba deialdiak mantendu dira.

Gaurko, biharko eta etzirako greba egunak deituta dituzte hezkuntza publikoko irakasleek. Atzo hasi, eta gaur goizaldean sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak garatutako negoziazioek ez dute emaitzarik eman, beraz, sindikatuek eutsi egin diote greba deialdiari. Ez dute lortu hezkuntza publikoko irakasleentzako lan hitzarmena berritzea. Aste honetako hiru egunez, gain, apirilaren 1 eta 2rako ere deitu dituzte grebak Steilas, LAB eta ELA eta CCOO sindikatuek. 27.000 irakasle inguru daude grebara deituta.
Sindikatuek uste dute badutela grebarako motiborik. Izan ere, irakasleen egungo lan hitzarmena 2010ekoa da; hots, hamabost urte daramatzate itun berarekin. Langileen ordezkariek ikusten dute zer hobetua: besteak beste, lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea.
Hortaz, irakasleek kaleak hartuko dituzte berriro ere. Zehaztuta dauzkate manifestazioen deialdi orokorrak. Oarso Bidasoan, ikastetxeetan dira gaur mobilizazioak egitekoak. Jada datu bat jaso du hedabideak: Lezo Institutuan aste honetako greba aroarekin irakasleen %85k egin du bat. Bi eskualdeetako ikastetxeetako langileen batzordeek, zuzendaritzek zein sindikatuek hedabide honetara bidal ditzakete grebaren jarraipenaren datuak, zein egindako mobilizazioen irudiak. Horretarako HITZAren posta helbidea eta Whatsapp mezuak (678 687 124) balia ditzakete.
Bestalde, mobilizazio bateratuen berri eman dute sindikatuek. Gaur, asteartea, Bilbon, 11:30ean; Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzatik hasita. Biharko, berriz, hiru manifestazio: Bilbon, Arriaga plazatik abiatuta; Gasteizen, Bilbo plazatik hasita; eta Donostian, Bulebarretik aterata. Guztiak 11:30ean hasiko dira. Eta ostegunean, Donostian, 11:30ean, Bulebarretik aterata.
Sindikatuen iritziak
Steilasek du gehiengoa hezkuntza publikoko irakasleen artean, eta sindikatu horretako ordezkariek grebei eusteko arrazoien berri eman diote BERRIAri: «Hurbilketak lortzen ari ginen arren, eta eginahalak egin ondoren, jarritako neurriak ezeztatu dituzte ordu luze hauetan, eta onartutzat ematen zena bertan behera utzi».
LABek ere beharrezkotzat jo du greban jarraitzea. Ziurtatu du «amaierara arte saiatu arren» ez dutela hitzarmena lortzerik izan. Horrenbestez, protestarako deia egin du: «Inoiz baino indar handiagoz, ikastetxeak hustu eta Bilboko kaleak txiki utziko ditugu».
ELA ere ez dago konforme Jaurlaritzaren eskaintzarekin. Nabarmendu du ez dagoela «ganorazko proposamenik»: Jaurlaritzak ez duela ratioak jaisteko eskaintzarik egin, lanpostuak egonkortzeko neurririk ez dagoela… Hortaz: «Prest gaude eskariak bete arte greban jarraitzeko».