Emakumeak eta memoriaren eraikuntza, Jone Oteroren eskutik
'Emakumeen partaidetza memoriaren eraikuntzan: Euskadiko eta Guatemalako esperientziak' ikerketa aurkeztuko du Jone Otero ikerlariak. Asteazkenean (hilak 26) izango da Emakumeen Etxean.
Gatazken ondorengo bake eta berreraikitze sozialeko prozesuetan emakumeek duten rola aztertu du Jone Otero ikertzaileak Emakumeen partaidetza memoriaren eraikuntzan: Euskadiko eta Guatemalako esperientziak azterlanean. Ikerketa gizarteratzeko asmoz, Emakumeen Etxera gerturatuko da Otero hilaren 26an (asteazkena) 18:30ean.
Azterlan honetan Guatemalako eta Euskal Herriko 11 emakumeren testigantzak bildu ditu ikerlariak. Bi herrialdeen testuinguruak elkarrengandik urrun badaude ere, gatazka lekuetan emakumeak izateagatik “zailtasun, diskriminazio eta indarkeria esperientziak” komunean dituzte.
Oterorekin batera, Mugen Gainetik elkarteko Aintzane Muguruzak eta Baketik Fundazioko Ainhoa Azkarate izango dira. Izan ere, Oterok egindako ikerketa, Mugen Gainetik elkartearen eta Baketik fundazioaren proiektu baten parte da: Memoria, ikuspegi feminista tokiko eta global batetik, elkarbizitza baketsua eraikitzeko tresna gisa.