Babes ofizialeko 660 etxebizitza eraikiko dituzte Txenperenea eremuan
Eremu osoa hiru fasetan berezi dute, bata bestearekiko menpekoa izan ez dadin. Lehen fasean Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatuko dituzte.

Txenperenea eremua Oinaurre, Lapitze eta AP-8 errepidearen artean dago eta Irungo Udalak bertara lekualdatze asmo ditu Plaiaundiko kirol instalazioak. Halaber, 850 etxebizitza eraikiko dituzte, horietatik babes ofizialekoak 660 izango dira (%78) eta 190 pribatuak (%22).
Eremuak 163.527 metro koadro ditu eta 20.381 metro koadro kirol ekipamenduetarako izango dira; 52.062 metro koadro berdegunetarako; eta 17.642 beste ekipamendu batzuetarako. Horrez gain, 39.411 metro koadro partzela eraikigarriak dira eta horietatik 1.519 zuzkidura bizitokietarako izango dira. Hirugarren sektorerako 1.460 metro koadro gordeko dituzte. Bide eta errepideek 31.052 metro koadro okupatuko dute.
Proiektuarekin aurrera segitzeko asmoz, hirigintzako jarduketa programari hasierako onarpena eman diotela jakinarazi du Cristina Laborda alkateak. Oraingoa alegazioak aurkezteko epea da eta ondoren exekuzio zehatzak idazten hasiko dira.
2023 urteko abenduaren 29ko osoko bilkuran, udalbatzak behin betiko onartu zuen plan orokorra aldatzea Txenperenea “jasangarriagoa” izan dadin ingurunearekin,”konpaktuagoa, erabilpenerako nahastura handiagoarekin, eremu berde gehiagorekin, eta parke lerro batekin” eremu osoan zehar. Aldaketa honekin, etorkizuneko barruti honen hiri antolamendu berria finkatu zuten.
Faseak
Faseak ezarri nahi dituzte proiektu hau gauzatzeko, proiektu osoa progresiboki garatzeko. “Horrela, nagusiki, Plaiaundiko kirol instalakuntzen lekualdatzea aldez aurretik egin ahalko dugu eta ez dugu itxaron beharko eremu osoaren garapenari”, azaldu du Labordak. Aztertzen ari dira lekualdaketa gauzatzen hastea fase guztien jarduketak idatzita egon aurretik.
Izan ere, udalbatzako kide guztiek bat egiten dute “lehenbailehen” egin behar dela kirol instalazioen lekualdatzea. Bide horretan, pasa den hilean onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan lekualdatze hau gauzatzeko hitzarmena eguneratzea eta ardura hau Irungo Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiari dagokie. Lekualdaketarekin hasi baino lehen hitzarmena berritu nahi dute.
Fase bakoitza independentea da bestearekiko, eremu osoa ez dadin izan menpekoa beste faseekiko. Lehenengo fasea mapan ageri den eremu urdinari dagokio. Hain zuzen, kirol instalazioak eraikiko dituzte bertan eta 4,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Lapitze kalea izango da bertarako sarbidea.
Fase gorria etxebizitzari dagokio. Era berean, Oinaurre eta Lapitze elkartuko dituen bidea sortuko dute fase horretan. Bigarren fasea litzateke eta lanak hasten dituztenean, 36 hilabetetan burutzea espero dute. Eremu honetarako aurrekontua 17,3 milioi eurokoa da eta 850 etxebizitza eraikiko dituzte hemen: 660 babes publikokoak eta 190 pribatu.
Hirugarren fasea berdez irudikatu dute eta natura guneei dagokie eta 6 milioi euro bideratuko dute lan hauetara. Parke lineal bat sortu nahi dute eta honek bizitegi eremua antolatuko duela aurreratu dute. Alai Txoko parkea Egiluzeko zuhaiztiarekin konektatuko dute eta eremu hau ekipamendu publikoekin osatuko dute. Oraindik ez dute zehaztu zeintzuk izango diren ekipamendu horiek.

Kolore bakoitza fase bati dagokio. Urdina, kirol instalazioei; gorria, etxebizitza eremuari; eta berdea, berdeguneari.