Mendieneako operazioaren inguruko xehetasunak aztertu ditu EAJk
Udal gobernuak Grupo Eibar enpresarekin egindako hitzarmenarekin Mendieneako etxebizitzen eraikigarritasuna %80an handitzea baimendu dela diote jeltzaleek, "etxebizitza pribatu gehiago sortuz, sustatzailearen mesedetan".

Duela hilabete Mendieneako operazioaren xehetasunak azaldu zituen Abotsanitzek eta dagoeneko hitzarmenaren informazioa publiko egin dute. Hondarribiko EAJk hitzarmena aztertu, eta otsailaren 25ean esandakoek funtsezko informazioa ezkutatzen zutela adierazi dute.
Mendienean 25 etxebizitza publiko izango dituela eta udalak 5,1 milioi eurotik gorako [5.136.426,99 euro zehazki] konpentsazioa jasoko duela azaldu zuen Abotsanitzek, salmenta pribaturako etxebizitzak ere egingo dituelako enpresa horrek. Prestazio horri esker, etxebizitza babestu gehiago eraiki ahal izango dira Hondarribian, baina jeltzaleen ustez, hitzarmen horrek etxebizitza pribatu gehiago sortzea ekarriko du ere, “onura gehiago sustatzaileentzat”.
Bestetik, aipatutako prestazioa “engainagarria” dela esan dute ere, udalak ez duelako kopuru hori dirutan jasoko, kopuru horretan baloratutako babes publikoko etxebizitzen eraikin bat baizik. Hartara diote, gobernuak ez dituela Abotsanitzek aipatutako 25 etxebizitza publikoak eta konpentsazioa lortu, 5 milioitik gorako balioa duten hogeita bost etxebizitzako bloke bat baizik. Gainera, sustatzaile bati lanak zuzenean esleitu izanak, “kostuak handitzea” dakarrela esan dute.