Ireki dute Commerce Lab merkataritza berritzeko gunea
Enpresen digitalizazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko helburuz ireki dute laborategi hau. Serapio Mujika kalean dago.

Serapio Mujika kaleko 8. zenbakian ireki dute gaur Irun Commerce Lab merkataritza berritzeko gunea. Inaugurazioan izan da Cristina Laborda alkatea, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Juan Carlos Abascal eta Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzadako ordezkari Nuria Alzaga. Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro bideratu ditu laborategi honetara.
Espazio honetako teknologia Scott & Irwin enpresaren ardura izan da eta haiek izan dira irekieran bisita gidatua eskaini dutenak. Espazio hau erabilera anitzeko laborategia da, merkataritzaren esparruan enpresen digitalizazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko balioko duena. Halaber, esperimentazio gunea da.
Orotara, 200 metro koadro baino gehiago dauzka, eta alkatearen esanetan, “mugarria” da hiriko saltokientzat eta auzoentzat. Labordak uste du auzotarren eta merkatarien arteko harremanak “estutu” egingo direla eta kaleetako mugimendua “bizitu” eta “hiriko merkataritza sustatuko” dela.
Kontsumo ohituren joerak aldatu egin dira eta Irun Commerce Lab hiriko merkataritzaren sarea “sendotu” eta “modernizatzeko” baliatu nahi du udalak. Helburu handietara jota, tokiko kontsumoa berritzeko gune aitzindaria izatea nahi dute Irun.
Juan Carlos Abascal sailburuordeak “oso pozik” dagoela adierazi du eta ekimen “berritzailea” dela iritzi du. Abascal Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Hirien Sareko presidentekide izan zen eta gogoratu du orduan jakin zuen “zer-nolakoak” diren administrazio elektronikoa eta gobernantza onaren bikaintasunaren Europako zigilua, “eta, alde horretatik, Irun lider handia da”, baieztatu du. Laborategi honek “ekintzailetza” sustatuko duela ziur da sailburuordea.