Hondarribia 'herri kardio babestua' izateko proiektua aurkeztu dute
Hondarribiko Udalak, Brexen Cardio Kooperatibak eta Previtek enpresak aurkeztu dute herriko osasun ekosistema indartzea helburu duen proiektua. Herrian zehar 9 desfibriladore ezarriko dituzte.

Hondarribiko Udalak, Brexen Cardio Kooperatibak eta Previtek enpresak proiektu soziosanitario berri bat aurkeztu dute, Hondarribia herri kardio babestua izan dadin. Herriko osasun ekosistema indartzea da proiektuaren helburua, eta horretarako bederatzi desfibriladore (KDA) ezarriko dituzte herrian zehar. Azaldu dutenez, ospitaleez kanpoko bihotz-biriketako geldialdiak dira urtero Espainiar estatuko 30.000 heriotzen erantzule, eta biziraupenaren batez bestekoa % 10ekoa da.
Proiektu honen funtsa pertsonak izango dira, eta “guztiak gara gai eta baliagarriak” nabarmendu nahi izan dute. Hori dela eta, herritarrez eta gizarte eragilez osatutako boluntario sare bat osatu ahal izateko deia luzatu diete herritarrei. Helburua 100 boluntario izatea da. Izena emateko egin klik hemen.
Boluntario guztiek desfibrilagailuen erabileran eta bihotz biriken bizkortzean oinarritutako formakuntza bat jaso beharko dute, bihotz geldialdi baten aurrean azkar eta modu koordinatuan erantzuteko. Izan ere, denborak berebiziko garrantzia du. “Bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) egin eta desfibriladore bat erabiltzen hasi gabe igarotzen den minutu bakoitzean, bizirauteko aukerak % 10 murrizten dira”.
Aldi berean, Bexen Cardio Kooperatibak Reanudibex Alert aplikazioa garatu du, bihotz-biriketako geldialdi baten aurrean prestatutako erreskatatzaileen komunitatea konektatuta mantentzeko helburuarekin.
Formakuntza
Boluntario guztiek jaso beharreko trebakuntza doakoa izango da, eta 3 orduko iraupena izango du. Lehen saioa apirilaren 1ean izango da eta 16ra bitarte 10 saio egingo dituzte (Apirilaren 1ean hasi eta 4an, 7an, 8an, 9an, 10ean, 11n, 14an, 15ean eta 16an amaituko da), goizez 09:00etatik 12:00etara edo 17:00etatik 20:00etara.