Haur psikiatria zerbitzua ospitaletik kendu izana salatu du Elkarrekin Irunek
Donostiako ospitalera lekualdatu dute Bidasoko zerbitzu hau eta "atzerapausoa" dela salatu du koalizio moreak.

“Haserrea” eta “gaitzespena” adierazi ditu Elkarrekin Irunek Bidasoa ospitaletik haur psikiatria zerbitzua kendu ondoren. Beste atzerapauso bat dela honakoa baloratu du David Nuño koalizio moreko bozeramaileak.
Eskualdeko ospitaletik, Donostiako ospitalera lekualdatu dute zerbitzua, eta Nuñoren arabera, osasunari lotutako berri “positiboak” irakurtzen diren bitartean, ikusten dena osasun zerbitzuen “deuseztatzea” da. Osasungintza alorrean Bidasoak “tratu txarrak” jasotzen dituela eta ez EAJk ezta PSE-EEk ez dutela osasungintzan inbertitzeko asmorik salatu du. “Hori gutxi ez eta gure eta gure familien eskubideak murrizten dituzte, haur psikiatriaren zerbitzua kenduz”, gaineratu du Nuñok.
Haur psikiatria ez dela soilik diagnostiko proba bat azaldu du Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak eta argitu du “oso beharrezkoa” dela zerbitzu hau eskualdeko familientzako. “Gertu egotea behar dute”, zehaztu du.
Osakidetzaren irizpideak beste herrietan egiten ari direnaren kontrakoa dela deitoratu du koalizio moreak. Haien ustez, osasun publikoa herritarrengandik “gertu” egon behar luke eta benetako apustuak egitea eskatu dute, “eta ez soilik titularrak”. Haur psikiatria zerbitzuarekin hartutako erabakia eta etorkizunean erabaki ditzaketen murrizketak berriro pentsatzeko eskaria egin diote Eusko Jaurlaritzari.
Bidasoa Lanbide Heziketa eta anbulatorioa
Eusko Jaurlaritzak azken aldian osasungintza alorrean hartu dituen erabakiek “ezinegona” eragiten dutela uste du Elkarrekin Irunek eta eredu gisa jarri du hirugarren anbulatorioa Bidasoa Lanbide Heziketaren aparkalekuan eraikitzeko erabakiak eragindako egoera.
“Kezkatuta” ageri da Elkarrekin Irun: “gizarteak hitz egiten duenean, entzun egin behar da”. Osasun Sailak lur eremu horretan anbulatorioa eraikitzea “aukera hoberena” dela pentsatzen badu ere, ikastetxeko jendeak adierazi du “eragin negatiboa” izango duela haiengan. “Hori horrela izatekotan, erakunde publikoak pausatu eta esaten denari arreta jarri behar diete. Uste dugu ez dabiltzala horretan”, azaldu dute.
Dena den, oinarrian dagoen problema Oinaurreko erietxea eta ospitalearen handitzea ez defendatzean dagoela iritzi du Nuñok. Anbulatorioaren kokalekuarekin “gorabeherak” egon dira eta horiei buruz Irungo alkatearen prentsaurrekoetan baieztapen ezberdinak eman direla deitoratu dute. Gardentasun falta horri egotzi diote problema sortu izana.
Gainera, udalak bazituela ezarrita oinarrizko irizpideak gogoratu du bozeramaile moreak eta horiek oposizioarekin batera adostu zituzten. “Egun batetik bestera alkateak irizpide horiek gainetik pasatzea erabaki zuen”, iritzi du Nuñok.
Hirugarren anbulatorioa Oinaurren eraikitzeko eta ospitalea handitzeko borroka egin behar zela uste du Elkarrekin Irunek. “Inoiz ez dugu jakingo hasierako asmoari eutsi izan bagenio ea lortuko genukeen”, bukatu dute.