Gazte independentistak, Irungo haize ufada berria
'Irundik Independentziara! Eguna' antolatu du biharko Ernaik. Haize berriak dabiltza antolakundean, eta Irungo gazte independentistei dei egin diete deialdietan parte hartzera.

Irungo gazteria independentistari dei egin dio Ernaik. Horretarako, arratsaldetik gauera bitarteko egitaraua prestatu dute biharko: Irundik Independentziara! Eguna. Gazteria independentistari «leku bat» eman nahi diotela azaldu dute Amaiur Miguel Otero eta Zuraide Telletxea Zubeldia Ernaiko kideek. Bestalde, apirilaren 17tik 20ra Berriozarren egingo den Gazteon eskutik topagunera joateko bultzada izatea nahi dute biharkoa.
Bihar erein egingo dute Ernaiko kideek. Komunitatea «indartu» nahi dute, eta hori izango da datozen ikasturteei begira izango duten «erronka nagusia», bihartik hasita. Helburu hori bete nahian, programazioa bitan bereizi dute, eta hitzaldiak eta aisiarako tarteak eskainiko dituzte. Hitzaldiak formaziorako baliatu nahi dituzte, eta aisialdia jarduerak, berriz, komunitatea sendotzeko.
Egitarauari begira jarrita, Bilgunean elkartuko dira lehenik (San Martzial kalea, 7) eta Independentzia zergatik eta zertarako? hitzaldia eskainiko dute, 18:00etan. Miguelen arabera, independentzia gauzatzeko erremintez arituko dira eta gogoraraziko dute nondik datorren horren «helburua eta beharra». Jarraian, Gazteon eskutik independentziara topaketa aurkeztuko dute. Autobusa antolatu dute Berriozarrera joateko: @ErnaiIrun Instagram kontutik eman behar da izena.
Formazioarekin bukatzean, Moskun barrena dantzan eta abesten arituko dira Matraka elektrotxarangarekin batera. 19:00etatik 21:00etara izango da hori. Behin Mosku girotuta, mokadua eskainiko dute Hazia Kultur Elkartean, eta bertan geratuko dira gau osoan zehar, DJ Liatu Gareteren musikaren pean.
Haize berriak
Belaunaldi aldaketa bizi du Irungo Ernaik, azken urteetan aktibo egon den taldea «ia desagertu» ondoren. Telletxeak azaldu du oraingo Ernaiko kideak iazko Moskuko jaietarako «pare bat txorakeria» antolatzen hasi zirela, eta gero eman zutela pausoa taldea «ofizialki» hasteko. «Gaztetxo dezente sartu gara», nabarmendu du Telletxeak.
Miguelen esanetan, «jo eta su» eta «oso gogotsu» dabiltza Ernaiko kide berriak, eta badutela «gaitasuna» gauzak egiteko. Uste du Irunen badaudela «hainbat eta hainbat problematika» historikoki salatu izan direnak, baina azkeneko urteetan «alde batera» utzi direla nabari du. «Barne taldearen desagertzearekin egin ez diren gauzez ari naiz, eta horiek berreskuratzen ari gara», esan du Miguelek. Ernairen taldeaz gain, bestelakoak sortzeko borondatea erakutsi dute Telletxeak eta Miguelek, esate barerako, gazte feministena, gazte euskaltzaleena, talde ekologista edo Ikama. Argi adierazi dute ez dituztela soilik «Ernairen gauzak» egin nahi, eta hargatik dei egin diete Irungo gazteei «modu informalean» bada ere etorkizuneko deialdi eta taldeetan parte hartzera. «Duela hainbeste urte zegoen grina berreskuratu nahi dugu», bukatu du Miguelek.