Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan taldeak Plaiaundin jokatuko du larunbatean
18 urte azpiko taldearen partida baino lehen beteranoen arteko lagunarteko partidak jokatuko dituzte. Txingudi Errugbi Klubak dituen senior taldeek, berriz, merezitako atsedena izango dute asteburu honetan.

Txingudi Errugbi Klubak dituen senior taldeek [Zaisa Txindudi eta Biok Txingudi] merezitako atsedena izango dute asteburu honetan. 18 urte azpiko taldeak aldiz Iruñeko La Unicaja taldea hartuko du etxean. Larunbatean izango da partida, 12:30ean, Plaiaundi zelaian.
Peio Castellanok gidatzen duen taldea da Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan. Une honetan B multzoko laugarren postuan daude sailkatuta, 12 punturekin. Klubetik esan dutenez, asteburu honetan garaipena eskuratuko balute, bigarren postura igoko lirateke.
Beteranoak ere berdegunean
18 urte azpiko taldearen partida baino lehen beteranoen arteko lagunarteko partidak jokatuko dituzte, Txingudiren eguna ospatzeko. Errioxa, Arrangoitzeko Emak Hor, Bera Bera eta Txingudiko beteranoak arituko dira Plaiaundin 10:00etatik 12:00etara.
Gipuzkoako selekzioa
Gipuzkoako 13 eta 14 urte azpiko selekzioak elkartuko dira asteburu honetan. Entrenamenduak egingo dituzte Ordizian, eta horietan parte hartzera deitu dituzte klubeko hamabi jokalari: Markel Aizpurua, Telmo Bereciartua, Aiur Callao, Markel Celestino, Oier Goenaga, Goretti Lekuona, Oihan Sanchez, Beñat Tristan, Unai Aizpurua, Giovani Ciurar, Galder Eizaguirre eta Omar El Mossaoui.