«Etxean dauzkat erreferente handienak»
2020tik 2024 urtera arte Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko Madrilgo korrespontsala izan da Sarriegi. Bost urteren ondoren Euskal Herrira itzuli da, motxila esperientziaz beteta.

Txikitatik argi izan du Nerea Sarriegik kazetaria izan nahi zuela. Idaztea oso gustuko duen arren, irratia da haren pasioa, eta gauzak kontatu ahal izatea «pribilegio» bat dela uste du.
Estatu Batuetatik iritsi berri zara, Imanol Pradales lehendakariaren bidai instituzionala jarraitzen ibili ondoren. Nolako esperientzia izan da hori?
Oso lan esperientzia polita izan da. Bost egun izan dira bakarrik, oso agenda intentsua zuen lehendakariak, eta azkenean, nire lana izan da bere atzetik ibiltzea, alde batetik bestera. Washingtonera astelehen gauean iritsi ginen eta astearte gauean jada New Yorkera joan ginen, han beste bi egunetako agenda zuelako.
Halako esperientziek aukera ematen dizute beste modu batera bizitzeko aukera izango ez zenituzkeen gauzak. Kapitolioaren barrura sartu ginen eta hori amets bat izan da niretzat, ez dut inoiz ahaztuko. Egia esan, ez dugu asko ikusi, segurtasun neurri handiak daudelako, baina pasada bat izan da. Gero, New Yorken ere Guggenheim museoaren barruan izan ginen eta baita IBM enpresan ere, super ordenagailu kuantiko bat Donostiara ekarriko dutelako. Aukera izan dugu bertatik bertara ikusteko. Oso esperientzia interesgarria, motza, eta intentsua izan da, baina oso polita aldi berean.
Euskal komunitatearekin egoteko aukera izan duzu. Nola ikusi duzu jendea?
Kezkatuta ikusi ditut komunitateko kideak, dagoen egoerarekin eta ziurgabetasunarekin. Lehendakaria, batez ere, enpresa munduko jendearekin bildu da eta aipatzen ziguten gobernu honek [Trumpen gobernuak] egunero aurkezten dituela murrizketak. Laguntza humanitarioan dabiltzan enpresa eta erakundeak beldurtuta daude. Batez ere, emakumeekin eta gazteekin lan egiten dutenak. Inork ez daki zer gertatuko den. Baina aldi berean, aipatzen ziguten badaudela aukerak, badagoela Ameriketako Estatu Batuen beste aurpegi bat indarra duena aurrera egiteko, eta Europarekin ez dituenak aliantzak hautsi nahi.
Gisa honetako bidaiekin esperientziak metatzen jarraitzen duzu. Izan ere, bost urtez Madrilen aritu zara korrespontsal gisa. Orain Bilbon lortu duzu plaza. Nolakoa izan da itzulera?
Oraindik ohitzen ari naiz. Bilbokoa lan berri bat da, erronka berri bat. Azkenean Madrilen ohituta nengoen nire erritmoak edukitzera eta nire egunerokoa egitera. Egia da Madrilgo bizitzaren ia %100 lana zela, eta orain aukera dudala lanaz aparte beste zenbait gauza egiteko. Hori da gehien eskertu dudana. Madril faltan botatzen dut batzuetan, baina beste zenbaitetan pentsatzen dut: «Ez dakit nola aguantatu dudan han. Badago beste bizitzeko modu bat». Oso pozik nago momentu honetan Bilbon, nahiz eta Madril, eta batez ere Madrilgo lagunak faltan botatzen ditudan.
Madrilera joan baino lehen, Londrestik, Erresuma Batuko hauteskundeak jarraitzea egokitu zitzaizun. Zure nazioarteko lehen esperientzia izan zen hura, ezta?
Astebeteko esperientzia izan zen, 2019ko abenduan. Brexitaren aurreko hauteskundeak izan ziren eta Boris Johnsonek irabazi zituen. 24 urte bete nituen orduko urrian, eta abenduan joan nintzen. Sekulako esperientzia izan zen, beharbada lanean izan dudan onena. Pentsatzen jarrita, orain, ziur aski, beldur gehiago izango nuke. Momentu hartan ez nuen birritan pentsatu, joan nintzen, eta oso ondo pasa nuen. Lan zaila ere izan zen, niretzat lehenengo aldia zelako. Emaitza ez dakit zer moduzkoa izan zen, baina oso pozik geratu nintzen.
Orain duzun esperientziarekin nola ikusten duzu zure burua?
Uste dut urteekin ausardia galtzen joan naizela. Agian ezjakintasunak bultzatuta animatu nintzen, zertara nindoan jakin gabe. Orain lanbideaz pixka bat gehiago jakinda, ez asko, zeren lanbide honetan inoiz ez dakizu ezer, egunero ikasten da zerbait; esango nuke orduan ausardia gehiago nuela. Esperientzia guztiak dira oso interesgarriak eta halakoak bizitzeko aukera izatea zorte handia da, oso pribilegiatua naizela uste dut.
Handik itzuli eta pandemiak Madrilen harrapatu zintuen. Lehen hilabeteak imajinatzen dut ez zirela errazak izango.
2020ko otsaila bukaeran iritsi nintzen. Martxoaren 4an hasi nintzen lanean eta handik hamar egunera ezarri zuten larrialdi egoera. Asteburu hartan lanean nengoen, eta gogoan dut lankideei laguntza eskatu behar izan niela handiegia izan zelako niretzako. Pedro Sanchezek agerraldia egin zuen Moncloan, eta etxetik jarraitu behar izan nuen. Konfinamendua ezarri zuten, eta gogoan dut pentsatu nuela: «Baina zertara etorri naiz?».
Hilabete zailak izan ziren, baina egoeraren gogortasunaren barruan, oso oroitzapen onak dauzkat. Lan pila bat egin genuen eta uste dut lankideekin oso sare potentea sortu genuela. Elkar lagundu genuen eta horrek gainontzeko urteetan iraun du.
«Esperientzia guztiak dira interesgarriak. Zorte handia dut»
Kazetarien arteko elkarlanaren garrantzia aipatu duzu.
Niretzat garrantzitsuena lankide on bat izatea da. Gero, profesional hobea edo okerragoa izango zara, baina kazetaritza indibidualismotik ikusten dutenei esango nieke ez duela horrekin zerikusirik. Lankidetzarik gabe ezinezkoa izango litzatekeen kazetaritza bat ezagutu dut Madrilen. Horregatik, oso eskertuta nago ezagutu dudan jendearekin, lankide izateaz gain, lagunak ere badirelako asko, betirako lagunak.
Nolakoa zen zure egunerokoa?
EiTBko irratien korrespontsala izanda, gehienbat politikaren eta Espainiako Gobernuaren egunerokoa kubritzen genuen, baita euskal alderdiena ere. Astelehenetan, normalean, alderdien arteko bilerak izaten genituen. Orduan, Ferrazera [PSOEren egoitza] edo Genovara [PPren egoitza] joaten ginen. Astearteak izaten ziren asteko egunik gogorrenak. Egun horretan Ministroen Kontseilua batzen da, eta arratsaldean, askotan, senatuan eta kongresuan plenoak izaten ziren. Kongresuan, adibidez, 14 edo 15 ordu ere egon izan gara. Ostegunetan plenoa izaten zen, eta egunik lasaiena, berriz, ostiralak izaten ziren. Hala ere, egun lasaia zela esatea debekatuta genuen, esaten genuen bakoitzean eguna izorratzen zuen zerbait gertatzen baitzen [barrez].
Zenbaterainoko erraztasuna izaten zenuten politikariengana gerturatzeko?
Dozenaka komunikabide daude, eta, noski, Espainiako komunikabide handienak ere bertan daude. Horiek izaten dute lehentasuna galderak egiteko, baita politikariengana gerturatzeko ere. Baina esango nuke kongresuko politikariekin oso erraza dela hitz egitea, kolore guztietakoekin.
Dena den, azken bizpahiru urteetan arazo handi bat sortu da kongresuan. Ultraeskuineko Youtubeko kanaletako kazetariak, hala esan badaiteke, sartu dira hara. Euren lana gainontzekoena oztopatzea da, prentsaurreko guztiak leherraraztea, euren kanaletarako edukiak sortzeko. Politikariek mesfidantza handiagoz hitz egitea eragin du horrek.
Segundo gutxiko interbentzioak egiten dituzue, baina prestaketa handia dago atzetik. Zer da ikusten ez dena?
Batez ere albistegietan sartu aurretik dauzkazun arazo guztiak. Arazo tekniko pila bat izaten ditugu, eta askotan guk konpondu behar izaten ditugu, Madrilen zoritxarrez ez dugulako teknikaririk irratian. Eskerrak Donostian eta Bilbon badauden eta telefonoz laguntzen diguten. Baina askotan ez duzu denborarik. Gero ere, askotan frustrantea izaten da ere bai sei orduko bilkura baten ondoren zure kronikak minutu eta hamar segundoko iraupena izan behar duela, eta ez da erraza hori guztia laburtzea. Hori da zailena, baina ohitzen zara.
Eta zuzenean sartze hori nola daramazu?
Beti jartzen naiz urduri zuzenean sartu aurretik, eta uste dut hori ez dela inoiz galdu behar, ardura puntu bat sortzen dizulako horrek, gauzak ondo egin nahi dituzulako.
Milaka bizipen izango dituzu, baina baduzu baten bat bereziki markatu zaituenik?
Niregan eragina izan duten esperientzia asko bizi izan ditut. Pandemia izan da horietako bat, zalantzarik gabe, baina horrek agian pertsonalki markatu ninduela esango nuke. Profesionalki berezia izan zen, adibidez, Pedro Sanchezen bost egunetako hausnarketa, ez genekielako zer gertatzen ari zen. Egun haietan Madril berezi bat ezagutu genuen. Hilabeteak pasa genituen Ferrazen protestak kubritzen, kaskoak jantzita, babes gisa. Ez dakit zer zirudien hark, oso egoera deserosoa izan zen.
«Beti jartzen naiz urduri zuzenean sartu aurretik, hori ez da inoiz galdu behar»
Eta baduzu kubritzea zaila egin zaizun gertakaririk?
Gauza asko, batez ere ekonomikoak. Zailak izaten dira niretzako, kontatu behar dudana ondo ulertzea gustatzen zaidalako. Arlo pertsonalean, egin dudan zailena Valentziako tanta hotzaren kobertura izan zen. Astearte gauean gertatu eta asteazken goizean Valentziara bidean nintzen Kataluniako irrati bateko lankide batekin. Lehen herrira iritsi eta dena zegoen erabat suntsituta. Badaude kazetari batzuk katastrofe naturalak kubritu izan dituztenak, niretzat lehen aldia zen, eta oso gogorra egin zitzaidan.
Emozioak kudeatzea zaila egin zitzaizun?
Oso zaila. Halako egoeretan, gainera, beti zaindu behar da asko noraino galdetzen duzun kronika hori bat ez egiteko. Sufrimendu handia dago, eta hori erakutsi egin behar da, baina morboan erori gabe. Eta pertsonalki oso zaila egin zitzaidan jendea egoera horretan ikustea, jakinda nire kronikak egin eta handik joango nintzela. Baina jende hori han geratuko zen, etxerik gabe, dena galduta.
Lehen aipatu duzun ardura horretarik gauzak kontatzeko garrantzitsua da kazetaritzarekiko konpromiso bat izatea, eta pasiotik lan egitea. Nolatan erabaki zenuen kazetari izatea?
Beti izan dut oso argi, eta zorte handia da hori. Etxean dauzkat erreferente handienak. Ama kazetaria izan da erretiroa hartu duen arte. Kasu honetan, prentsa idatziko kazetaria. Eta berarekin askotan joan izan naiz prentsaurrekoetara, kontziliazioa zaila delako kazetaritzan. Aita ez da kazetaria, baina irratiko kolaborazioak egiten zituen atletismoko informazioa emanez. Baita esatari lanak egiten ere, hainbat probatan. Idaztea asko gustatzen zait, baina irratia niretzat pasio bat da, eta gauzak kontatzeko aukera izatea pribilegio bat iruditzen zait.
Baipasa saioan parte hartzen duzu ere, Korrespontsalen tertulian, eta horrek, nolabait, zuen egunerokoa herritarrengana gerturatzeko balio du. Halako zerbait kazetaritzarentzat positiboa dela uste duzu?
Tertulia horrek asko lagundu dit Madrilen, aukera eman didalako beste gauza batzuetaz hitz egiteko. Gure egunerokoak daudenak eta ez direnak ikusten. Jendeari B alde hori ikustea gustatzen zaiola uste dut, gure desgrazia guztiak, lanekoak esan nahi dut [barrez]. Oso dibertigarria da, eta aldi berean, aukera eman dit Ane Irazabal, Arantxi Padilla, Amaia Uriarte, eta orain, Yerai Diaz ezagutzeko. Niretzat erreferenteak diren emakumeak dira, mila esperientzia bizi izan dituztenak, eta munduaren beste puntatik lanean aritu direnak. Pasada bat da eta plazera astero haiekin hitz egiteko aukera izatea irrati bidez. Era orain, irratitik kanpo ere bai, dagoeneko harremana sortu dugulako. Eta hau dena Olaia Urtiagari esker, berak sortu baitzuen saio hau. Oso eskertuta nago horren parte izatearekin, ja ez korrespontsal bezala, orain Bilbotik, baina niretzat oso dibertigarria da eta uste dut entzuleek ere eskertzen dutela halako istorioak ezagutzea, lanetik harago doazenak.
Azken urteetan emakume asko zabiltzate korrespontsal lanetan. Zer iradokitzen dizu horrek?
Indar handia ematen du, baina uste dut lan handia dagoela oraindik egiteke. Zenbait testuingurutan kosta egiten da emakume kazetari bat errespetatzea gizon kazetari bat errespetatzen den bezala. Batez ere arlo jakin batzuetan, ekonomian, adibidez.
Gero ere, gure irratian ez da gertatzen, baina programak edo albistegiak zuzentzen dauden asko eta asko gizonak dira oraindik. Gurean erreferente asko dauzkagu: Maite Artola, Arantxa Garcia, Maria Cereceda, Oihane Perez… Horrek indar handia ematen du.
Datozen urteetan zer espero duzu?
Nire erronka nagusia ahalik eta hoberen lan egitea eta lankide on bat izatea da. Hori da garrantzitsuena niretzat.
Eta gero, egoerari dagokionez, ez naiz pesimista, baina ultraeskuineko korronte honek sortu dituen komunikatzeko modu berriekin kezkatuta nago egia esan. Espero dudana da Madrilen hasi den Youtubeko kanal horien korronte hori Euskal Herrira ez iristea. Momentuz ez daukagu, baina pentsatzen dut momenturen batean iritsiko dela, eta kontu handiz ibili behar gara horrekin. Uste dut iritsi edo sua piztu aurretik komeni dela ikustea zer gertatzen ari den beste toki batzuetan, hemen saiestu ahal izateko. Min egiten dio kazetaritzaren lanari. Ez da adierazpen askatasuna beraiek egiten dutena, beste gauza bat da, eta kontuz ibili behar gara horrekin eta hona ez dadila iritsi.