Barrenetik proiektuaren bederatzigarren atala ikusgai dago atzotik
Gatazkaren konponbidean urratsak egiten jarraitzeko xedearekin sortu zuten duela bost urte Barrenetik proiektua. Bederatzigarren atala "berezia" dela esan dute Guztion Alardeko kideek. Samuele italiarraren testigantza jasotzen du.

Guztion Alardeak atzo arratsaldean argitaratu zuen Barrenetik solasaldien bederatzigarren atala. Honakoa “atal berezia” dela esan dute, Hondarribiko Alardean parte hartu duen Samuele italiarraren testigantza jasotzen baitu. “Guztiok ezagutzen ditugu Alardearekin lotura finkorik izan ez eta bertan desfilatzeko aukeraz gozatu ahal izan duten gizonezkoak. Alardean desfilatu nahi dugun Hondarribiko emakumeok ordea, noiz arte itxaron beharko dugu?” egin dute gogoeta.
Gatazkaren konponbidean urratsak egiten jarraitzeko xedearekin sortu zuten duela bost urte Barrenetik proiektua, norberaren bizipenetatik konponbiderako pausoak azaleratuz, gatazkaren konponbiderako bide berri bat zabalduz eta elkarrizketa sustatuz. Dagoeneko 9 atal daude ikusgai Guztion Alardearen Youtube kanalean.