Arrazakeriaren aurka pankarta bat jarri dute Gal Stadiumean
Arrazakeriaren Kontrako Eguna da gaurkoa eta horren harira iragarri dute pankarta jarri dutela.

Arrazakeriaren Kontrako Eguna da gaurkoa eta egun hau hautatu dute Irungo Udalak eta Real Unionek iragartzeko arrazakeriaren kontrako pankarta bat jarri dutela Gal Stadiumean. Kirolean eta gizartean jarrera arrazistak agerian jartzea eta ekintza arrazistak onartzen ez dituztela adieraztea da pankarta honen helburua.
Herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte horrelako ekintzak “normalak” bihur ez daitezen. Pankarta, espazio partekatuetan jarriko dute eta mezua honako hau da: Zuritik beltzera, arrazakeriaren aurka elkartuta. Kirola batasuna da!.
Gorka Alvarez Giza Eskubideen ordezkariak gaurko eguna baliatu du edozein diskriminazioren aurka borrokatzeko “betebeharra” eta “erabakia” berresteko. “Erreferentzia xenofobo eta arrazistak dituzten adierazpenek ez dute lekurik gura hirian”, adierazi du.
Diskurtso arrazistak pertsona guztien arteko “funtsezko berdintasunaren aurkakoa” dela salatu du udal ordezkariak eta Irungo Udalak horrelako edozein ekintza, manifestazio edo gertakari arrazistak gaitzesten dituela azaldu du.
Borja Olazabal Kirol ordezkaria ere gerturatu da Gal Stadiumera eta adierazi du arrazakeriak ez duela lekurik Irunen. “Edozein traza arrazista gure ideien aurka doa, eta gure betebeharra da hori seinalatzea, gure hirian berriro gerta ez daitezen”, esan du Olazabalek.
Irun “tolerantea” izateko lanean jarraituko dutela aurreratu du Olazabalek, eta “babesa” eta “maitasuna” erakutsi die irain arrazistak “zoritxarrez” pairatu behar izan dituzten Real Unioneko jokalariei.
Azkenik, arrazakeriaren kontrako “mezu garrantzitsua” zabaltzeko kirol “ezin hobea” dela futbola uste du Kirol ordezkariak, “jendetsua” delako. Ekimen hau Giza Eskubideetako eta Kiroletako arloek bultzatu dute, Irungo klubarekin batera.