Ababor azoka nautikoa hilaren 28tik 30era izango da
Bi urtetik behin egiten da eta hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Ficoban egingo da eta berrogei enpresa gerturatuko dira.

Ababor azokaren hirugarren edizioa egingo da Ficoban hilaren 28tik 30era. Bi urtetik behin egiten den azoka da eta nautikoaren sektoreko enpresen ordezkaritzak bertaratzen dira, gutxi gorabehera 40 erakusketari. Horrez gain, lehen eta bigarren eskuko ontzi eskaintza zabala egoten da eta erakusketa azalera handitu behar izaten dute. Sarrera doa.
Lehenengo bi edizioak “arrakastatsua” izan zirela oroitu dute antolatzaileek eta dagoeneko “garrantzi handiko” ekitaldia dela ziurtatu dute. “80 enpresa erakusketari eta ia 10.000 bisitari erakarri ditu. Datu horien arabera, Ababor erreferente bihurtu da nautika eta sektore osoa maite dutenentzat, eta horregatik, iragar daiteke azokaren hirugarren edizioa ona izango dela”.
Edizio honetan ere Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso dute, baita ere Euskal Kirol Portuak-ena, eta Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu Sailarena. Sektore nautikoa, berriz, Enpresa Nautikoen Elkarte Nazionalak ordezkatzen du.
Azoka
Asiaarako nautikarekin eta jarduera nautikoekin zerikusia duten sektore guztiei begirakoa da Ababbor. 40 enpresa erakusketarik 30 itsasontzi baino gehiago eramango dituzte eta azken berrikuntzak ezagutzeko plaza izango da, hala nola, motorrak, atoiak, elektronikoa eta osagarriak, zerbitzuak, turismoa eta itsas eskolak,a seguruak, eta baita arrantzarako osagarriak eta ur-motorrak ere. Marken artean, Jenneau, Beneteau, Highfield, Lagoon, Yamaha eta Volvo egongo dira azokan.
Hitzaldiak
Esperientziak partekatzeko aukera ere izango da azoka hau eta besteak beste, Guillermo Cañardo eta Pedro Eurrutiak White Shadow ontzian munduari bira eman ziotenekoa izango dute hizpide. Ontzi hau 1978. urtekoa da eta Swan 57 markako ontzia da. Ocean Globe Race lasterketan parte hartzeko baliatu zuten eta Espainiatik abiatutako ontzi bakarra izan zen.
Hitzaldiekin jarraituz, Mikel Sarasolak kayakean izandako abentura azalduko du Ababorren. Hain zuzen, glaziarren gainean ur bizietako lehen kayak esperientzia da berea. Hitzaldi guztiei buruzko informazioa azokaren orrialdean topa daiteke.
Gaming gunea
Gaming gunea egongo da bertan eta teknologia, dibertsioa eta lehia nahastuko dira esperientzia interaktibo honetan, betiere, ikuspegi akuatikotik. Hiru espazio egongo dira: Virtual Regatta (estropaden simulazioa); Mario Kart Nintendo Switch-en eta Super Mario Party, Nintendo Switch-en ere.
Arrantza zaleentzako lehiaketa birtual bat egongo da. Bestalde, indoor arrauneko ergometro txapelketa bat ere egingo da, Santiagotarrak klubaren ekimenez.
Eguraldiak lagunduz g ero, Helimer 223 salbamendu helikopteroak lur hartuko du erakustazokan. Itsas salbamenduak bere aire flotan dituen 11 helikopteroetako bat da hau.
Gazteentzat ere egongo da zer ikusi eta egin. Marino Ababor Murala, itsas ingurunearekiko errespetua sustatzeko sormen gunea sortuko dute, eta Euskal Itsas Museoaren Hondotik Ondarera erakusketa ere jarriko dute.
Hondarribiko Dragon Boat ontzia ere Ababor azokan izango da. Honi buruzko informazio gehiagorako, jo ondoko erreportajera.
Zozketak
Zozketak egingo dituzte eta horien artean astebeteko optimist ikastaro bat ume batentzako (8 eta 14 urte artekoa). Hondaribiko Klub Nautikoan izango da ikastaro hau. Zozketekin segituz, Raqueron paseo bat lau lagunentzako, nabigazio lizentzia bat, sei metro arteko luzera duten itsasontziak eta ur motoak pilotatzeko titulu nautikoa, azterketarik eta iraungipenik gabeko titulu bat, nabigazio lizentziarako ikastaro b at, nabigazio lizentzia bat, bi lagunentzako irteera bat katamaranean, hiru lagunentzako irteera bat Kayaken eta bost sarrera bikoitz Albaola Itsas Kultur Faktoriarako.
Elkarrekin Ababor
Hilaren 22an, bihar, Elkarrekin Ababor jardunaldi nautikoa egingo dute Txingudi badian. Gurutzaontzien zeharkaldia, arrantza lehiaketa eta optimartxoa estropadak egingo dira. Elkarlanean aritu dira hau antolatzen Hondarribiko Udala, Euskal Kirol Portuak eta Euskal Bela Federazioak.