«2025eko Euskaraldian elkarrekin egingo diogu euskarari ximiko»
Maiatzean loratuko da ofizialki 2025eko Euskaraldia, baina ordura arte hamaika jarduera antolatu dituzte Igor Arrieta dinamizatzaileak eta udaleko Euskara Sailak. Herritarrak «aktibo» izango diren egitarau oparoa da osatu dutena, elkarrekin «euskarari ximiko» egiteko.

Aurtengo Euskaraldia «berezia» izatea nahi dute Igor Arrieta Euskaraldiaren dinamizatzaileak, eta Garoa Lekuona Euskara zinegotziak. Hala azaldu diote Hitza-ri. Herriko eragile eta norbanakoekin elkarlanean aritu dira horretarako, hizkuntza ohituretan eragiteko konpromisoa kolektiboa izan dadin.
Nolakoa izaten ari da Euskaraldiaren prestaketa?
Garoa Lekuona: Hilabete intentsuak izan dira, Euskaraldia gure egunerokoan dago. Dinamizatzaile bat izateak ere asko laguntzen du. Hilabete hauetan herri batzordea osatu, leloa hautatu eta egitaraua prestatu dugu. Pausatu gabea izan da.
Igor Arrieta: Nire kasuan ailegatu, jendea ezagutu, taldea osatu, eta lanean hasteko hilabeteak izan dira.
Lehen pausoa herri batzordea osatzea izan zen, beraz.
Lekuona: 2024an sortu genuen Euskara Mahaia, Euskara Plana modu parte hartzailean egin zelako. Orain osatu den herri batzordea horren soka da. Baina entitate berriak batu dira ere bai.
Oso aberasgarria izan da, 2023an Herri Plana osatzeko prozesua hasi zenetik parte hartzaileen kopurua handitzen joan delako. Saretze bat da, eta oso pozik gaude.
Beraz, herrian euskarari bultzada bat emateko gogoa dagoela sumatu duzue?
Arrieta: Niretzat sorpresa polita izan zen Euskaraldiko herri batzordea osatzeko lehen bileran hainbeste jende ikustea. 20 pertsonatik gora ginen. Deialdi publikoa egin genuen eta hamabi pertsonak helarazi ziguten konfirmazioa. Bat-batean jende bikoitza ikustea goxoa izan zen, babestuta sentitu nintzen.
LEkuona: Zinegotzi bezala, euskarari bultzada eman nahi dion edonor bakarrik ez sentitzea lehentasuna izan da niretzat. Elkarrekin gehiago garela adierazten saiatu naiz; izan ere, ardura hartu nuenean jende asko bide honetan bakarrik edo ez nahi bezain entzuna sentitu izan dela nabaritu nuen.
Gauzak egin genitzakeen, baina herritik egin beharrekoa zela uste genuen, herritik herriarentzat. Erronka handia dugu herrian eta bakarrik ezin dio inork buelta eman, herritik egin behar dugu.
Mezu hori helarazteko lehen hitzordua hilaren 15ean izan zen. Kirol kaian ezarri zenuten lehen informazio puntua. Zer nolako feedback-a jaso zenuten?
Arrieta: Hitzordu hotza izan zen [barrez]. Kirol kaiko tabernak batu zitzaizkigun eta asko lagundu ziguten. Estropadak zeuden, eta jendea zebilen inguruan. 30 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena, eta beraz, hasiera polita izan zen. Lehen aurkezpena izanik, akatsak eta indarguneak ikusi, horiek landu eta asteburu honetan Jaitzubian izango gara, proposamen berriekin.
Lekuona: Aurretiazko programazio honekin lortu nahi duguna da saretze horretan pausoak ematea, Euskaraldiarekin bi gauza lortu nahi ditugulako: saretzea, eta herri mailan errealitateaz jabetzea. Horregatik, prestatutako lanketek jolasen bidez hausnartzera gonbidatzen dituzte herritarrak. Herritarrak aktibo diren egitaraua sortu nahi genuen, jardueren parte izatea.
Arrieta: Sortu dugun espazioa oso polita da, elkarrizketa sortzen delako. Esperientzia ludiko dibertigarria da eta jendeak hori gogoratuko du. Kirol kaian, adibidez, gazte kuadrilla bat zegoen gaztelaniaz hitz egiten ari zena. Haietako batzuk gure postura gerturatu eta hortaz hausnartzen jarri genituen.
Euskaraldian parte hartzea ez da bakarrik txapa jartzea, konpromiso bat ere hartzea bada.
Lekuona: Euskaraldiak duena da hizkuntzan eragin nahi duen egitasmoa dela. Euskaraz bizi den horrek euskaraz jarrai dezala, baina euskarak espazio gehiago eduki ahal dituela ikusten dutenen bila gaude, gehiagotan eta gehiagorekin euskaraz hitz egin ahal izateko.
Arrieta: Konpromisoa oso hitz potoloa da. Herriko jendearekin, lagunekin, ezezagunekin, edo gurasoekin hitz egiten, inork ez daki jendeak euskaraz hitz egiteko zein den erantzuna. Erantzun asko egon daitezke, baina baita oztopo asko ere. Zenbaitek konpromisoa dute, eta beste zenbaitek ez dute ezer jakin nahi. Hori ulertuta, nola eralda dezakegu hori?
Zentzu horretan, oso interesgarria izango da lantzen ari garen dekalogoa. Euskaraldiak eta Taupak material didaktikoa bidaltzen digute, ekintza eta helburu jakin batzuekin, baina guk gure dekalogoa sortu nahi dugu. Euskaraldia bukatuta lanketa egiten jarraitu behar delako.
Aurten, bereziki, kolektibotasunari garrantzi berezia eman diozue. Zergatik?
Lekuona: Hondarribiarrak euskaldun sentitzen gara, baina euskara ez da askorik egiten. Nortasuna badago eta hori bultzatu behar dugu. Nola? Bada, herritarrak parte egiten, eta ez horren bakarrik sentiarazten. Txapa jartze ekitaldiaren edo euskaraokearen bidez konplizitatea bilatzen ari gara: «Zuk ahobizi txapa jarri baduzu, eta nik ere bai, zertan ari gara gaztelaniaz hizketan?». Herritarrak puntu horretara heltzea nahi dugu.
Aurten udaberrian izango da Euskaraldia, data atseginagoak dira hasiera batean. Aipatutako ekitaldien bidez Maria Madalena plaza arnasgune bihurtu eta bertara sartzen denak nora sartzen ari den jakin dezala nahi dugu. «Hona etortzen banaiz euskaraz hitz egin behar dut» pentsa dezatela nahi dugu. Horrekin amesten dut.
Euskaraokea aipatu duzue. Nolako erronka izaten ari da hori antolatzea?
Lekuona: Ideia bonbero hau euskara mahaian bota nuen lehenengo aldiz, eta aurrera doa: data badugu, lagunduko digun hornitzaile bat ere bai, txantxangorria.eus-eko Gabi de la Maza… Ideia eroak aurrera eramateko gogoa dago. Horri forma eman eta orain herri bezala erantzutea dagokigu.