Ikastetxeen aurrean "urgentziazko kontzentrazioak" deitu ditu Gure Haurrak Ere Badira egitasmoak
Gobernu eta erakundeei Palestinako genozidioaren aurka "argi eta tinko" posizionatu daitezela eskatzeko egin dute deialdia. Hilaren 24an izango dira kontzentrazioak.

Palestinarekiko elkartasunean, eta bereziki haur palestinarren defentsan, “urgentziazko kontzentrazioak” deitu ditu Gure Haurrak Ere Badira egitasmoak. Gobernu eta erakundeei Palestinako genozidioaren aurka “argi eta tinko” posizionatu daitezela eskatzeko egin dute deialdia, euskal herritarrak sarraski horren konplize izan ez daitezen neurriak hartu ditzaten.
Euskal Herriko ikastetxe guztiei zuzendu diete deialdia. Hori dela eta, klaseak hasi aurretik edo ondoren, ikastetxeen aurrean kontzentrazioak burutzera deitu dituzte datorren hilaren 24rako.
Gure Haurrak Ere Badira egitasmoak azaldu duenez, “Israelgo armada sionistak, AEBren laguntzarekin, su etena apurtu eta beste sarraski bat egin du. Lotan ziren bitartean, 400 zibil palestinar baino gehiago erail ditu ordu gutxitan, horietako gehienak haurrak. Beste behin ere, Palestinako herriaren suntsipen sistematikoaren lekuko izan behar dugu. Gure barrenak berriz ere irauli dizkigute eta inpotentzia nagusi da. Jada suntsitua den herrialdean, hondakin artean bizi diren gizon, emakume eta haurrak, bonbardatzen ari dira inolako bereizketarik gabe. Bien bitartean, Europak beste aldera begiratzen du, lotsagabeki”.
Egoera horren aurrean isilik geratzeko tarterik ez dagoela esan dute: “Ezin dugu basakeria hau normalizatu. Erailtzen ari diren haur horiek gure seme-alabatzat hartu, guraso horiek gure arreba-anai bezala sentitu eta lau haizetara oihukatu behar dugu: aski da!”.