10 enpresek parte hartu dute energia kontsumoa optimizatzeko Bidasoa Biziriken programan
Bertako enpresen lehiakortasuna handitzea dakarren programa da, "kontsumoa murriztuz luzerako errentagarritasuna hobetzeko aukera izango dutelako".

Duela zenbait hilabete enpresen energia kontsumoa optimizatzeko proiektua abiatu zuen Bidasoa Bizirikek. 10 enpresa inskribatu ziren eta jasotako aholkularitza zerbitzuari esker energia kontsumoa optimizatzeko bidean pausoak ematen hasi dira.
Nuria Alzagaren ustez, Bidasoa Bizirikeko lehendakaria, energia eraginkortasunarekiko konpromisoa izatea “funtsezkoa” da lurraldearen jasangarritasunerako. Eta Estitxu Urtizbereak, Bidasoa Bizirikeko lehendakariordeak, bere aldetik gaineratu duenez, bertako enpresen lehiakortasuna handitzea dakarren programa da, “kontsumoa murriztuz luzerako errentagarritasuna hobetzeko aukera izango dutelako”. Proiektua garatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du Bidasoa Bizirikek.
Ibilbide plana eta aholkularitza
Amets Bakery, Kuttuna Ikas eta Jolas, Obrador Garia, Obrador Larreaundi, La Juanita Jatetxea, Gaztelumendi taberna, Jauregi hotela, Rio Bidasoa hotela, ETH hotela, eta Ola Sagardotegia izan dira proiektuan parte hartu duten enpresak. Guztiek diagnostiko pertsonalizatua eta ibilbide orri bat jaso dute. Orain, beren kabuz ezarri beharko dituzte neurri horiek.
Bidasoa Biziriketik azaldu dutenez, “modu erraz eta intuitiboan” diseinatu dute plana, enpresei kostuen eta kontsumoen datuak elikatzeko aukera emanez. Hala, urteko berrikuspena egin eta ezarritako helburuekiko desbideratze posibleak ebaluatu ahal izango dituzte.
Hortaz gain, enpresek zenbait aholkularitza ordu izango dituzte fakturazio energetikoari, mugikortasun energetikoari edota Energiaren Euskal Erakundearen laguntzen kudeaketari buruzko zalantzak argitzeko.