Bi garaipen eta hiru porrot Txingudi Errugbi Klubeko taldeentzat
Zaisa Txingudik garaipen garrantzitsua lortu du asteburuan, Biok Txingudik aldiz, jipoi gogorra jaso du.

Zaisa Txingudik garaipen garrantzitsua lortu du asteburuan. Etxean aritu zen taldea, Sortzen C/Beltzak taldearen kontra. Argazkian ikus daitekeenez Orereta Rugbyren kamisetak soinean zituztelarik lehiatu ziren; talde hura sortu zenetik 40. urteurren igaro diren honetan, omenaldi gisa.
Kolore ezberdinak, baina joko bizi bera erakutsi zuten Zaisa Txingudi taldeko errugbilariek. Lehen minutuak galtzen hasi ziren arren, erraz eman zioten buelta markagailuari. Hamalaugarren minutuan touch batekin 7-5eko markagailua ezarri zuen Juan Carlos Lorak . Bigarren zatian defentsako lana horren eraginkorra izan ez zen arren, erasoan tinko jarraitu zuten. Partida 42-17an bukatu zen.
Zaisa Txingudiren hamabostekoa Joao Costak, Xabi Sanchezek (kapitaina), Jon Sanchezek, Jeno Kocsisek, Jon Mediavillak, Aritz Rodriguezek, Julen Iglesiasek, Aitor Asurmendik, Ekain Hiribarrenek, Lutxo Echevarriak, Pablo Besgak, Juan Carlos Lorak, Hodei Guerrerok, Odin Gutierrezek eta Alberto Robledak osatu zuten. Iñaki Lantxo, berriz, ordezko aulkian eseri zen.
Biok Txingudi
Iragan astean iragarri zuten bezala partida zaila izan zuen Biok Txingudi taldeak. Ligako liderren kontra aritu ziren, Uni Bilboren kontra. Hori dela eta, “aparteko entrenamendu gisa” hartu zuten eta entrenamenduetan entseatutako jokaldi ezberdinak praktikan jartzen saiatu ziren baloia izan zutenean.
Dena den, defentsan gogor saiatzen baziren ere, bilbotarrek zuloak aurkitu zituzten eta horietatik entseguak pilatzen joan ziren. Azkenean, markagailua 104-10ean geratu zen.
Taldea Lucia Duranek, Alazne Maciciorek, Maren Santa Cruzek, Lohitzun Aiak, Zumendi Carok, Sandra Ramosek, Garazi Santosek, Lea Etxebarrietak (kapitaina), Leire Muñozek, Enara Arrutik, Laida Rodriguezek, Alba Saizek, Ane Novok, Irati Beraizek eta Jessica Gomezek osatu zuten. Aulkian, berriz, Lupe Pescador eta Camille Buros izan ziren.
Hurrengo norgehiagoka Plaiaundin jokatuko dute, Durango taldearen kontra, hilaren 29an.
Harrobiko taldeak
18 urte azpiko taldeak garaipena eskuratu zuen Gernika/Arratiko taldearen kontra. 21 eta 17 irabazi zuen. 16 urte azpikoak aldiz, 15 eta 38 galdu zuen. Kasu honetan ere Gernika/Arratiko izan zuten aurkari. Azkenik, 14 urte azpiko taldeak partida gogorra izan zuen Hernanin. Azkenean, etxekoak aurreratu ziren markagailuan: 24 eta 15.