Planetaren Orduarekin bat egingo du berriro Irungo Udalak
Hilaren 22an izango da, 20:30etatik aurrera. Udaletxeko, Menchu Gal aretoko eta San Martzial ermitako argiak itzaliko dituzte.

Munduko Natura Funtsak iragarri du hilaren 22an egingo dela aurtengo Planetaren Ordua, eta Irungo Udalak bat egin du deialdiarekin. Xedea da frogatzea posible dela biodibertsitate galera “geldiarazi” eta “leheneratzea” eta 2030erako CO2 isuriak erdira murriztea.
Hilaren 22an 20:30ean izango da itzaltzea, eguzkia atera arte, eta Lur planetaren aldeko kanpaina handiena izatea espero da. Hori hala izateko udalerri eta udalen lankidetza behar dute eta horiek monumentu eta eraikin nagusietako argiak itzaliko dituzte. Irunen kasuan, udaletxeko, Menchu Gal aretoko eta San Martzial ermitako argiak itzaliko dituzte.
Udalak irundar guztiei dei egin die ekimenarekin bat egitera. Bestalde, gogoratu dute klima aldaketari aurre egiteko udalak hartu duen lehen neurria Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana izan dela.