'Laburbira' Irun eta Hondarribian, euskal zinemagintza hauspotzeko
Hondarribiko hitzordua bihar –hilak 20– izango da, Kultur Etxean. Irungoa, berriz, apirilaren 9an. Irungo saioan zuzendariak egongo dira.

Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria da, eta hilaren 7tik apirilaren 11ra egingo da. Bi helburu nagusi ditu ekimenak: euskal zinemagintza hauspotzea eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea.
Primeran plataformak eta Taupa mugimenduak antolatuta, hilaren 6an Donostiako San Telmo Museoan egin zuten euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuituaren aurrestreinaldia, eta apirilaren 11 bitartean Euskal Herri osoko 50 herritan izango da ikusgai aurtengo filmen bilduma.
Aurtengo ediziora 35 lan aurkeztu dira, eta horietatik zortzi aukeratu dituzte herriz herri ibil daitezen.
Honakoa da aurtengo filmen zerrenda:
- Prosopagnosia (Ekain Martinez).
- Plazer bat (Sonia Estevez).
- Betiko gaua (Eneko Sagardoy).
- Europa (Ekain Irigoien).
- Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena).
- Hor konpon (Jone Arriola).
- Goodbye kepler (Nerea Ayala, Patricia Fañañas, David Modrono, Iraia Yarto).
- Utländsk (Alba Lozano).
Hondarribiko hitzordua bihar –hilak 20, osteguna– izango da, 19:00etan, Kultur Etxean.
Irungo hitzordua, berriz, apirilaren 9an izango da, 19:00etan, Amaia Kultur Zentroan. Irungo saioan, gainera, zuzendariekin solasaldia izango da.