Bidasoko Maratoi Erdiaren inpaktu ekonomikoa, 211.000 eurotik gorakoa
Kordobako Unibertsitateak egin du azterketa, eta inpaktu ekonomikoa 18,82 aldiz handiagoa da erakundeek egiten duten inbertsioarekin alderatuta. Inbertitutako euro bakoitzeko, 3,7 euro bueltan jaso dira.

Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) pasa den hilean egin zen Bidasoko Maratoi Erdiaren inpaktu ekonomikoa eta parte hartzaileen motibazioa aztertzeko eskatu dio Kordobako Unibertsitateari, eta azterlanaren erantzunak iritsi dira. Jose Enrique Ramos irakasleak koordinatu du ikerketa.
Maratoi erdian parte hartu zutenen eta kanpotik iritsi zirenen 284 pertsonen erantzunak jaso dituzte, lasterketa pasata online bidez betetzeko formulario baten bidez. Horren arabera, lasterketak eragindako inpaktu ekonomikoa 211.000 euro baino gehiagokoa da eta horietatik 143.000 euro zuzeneko inpaktuaren ondorio izan dira; 68.000 euro, berriz, zeharkako inpaktuagatik izan da.
Xehatu egin dute diru kopuru hori: ostalaritzan, 64.465,77 euro; denda eta supermerkatuetan, 28.010,96 euro; aisialdian, 22.002,98 euro; gastu estretan, 15.117,54 euro; eta aterpe gastuetan, 13.426,15 euro. Datu horiek ehunekotara eramanda, 18,82 aldiz handiagoa da inpaktu ekonomikoa erakundeek egiten duten inbertsioarekin alderatuta. Inbertitutako euro bakoitzeko, 3,7 euro bueltan jaso dira.
Guztira 903 (%60) korrikalari dira kanpotik gerturatu zirenak eta gehienak akonpainatuta iritsi ziren. Bisitari gisa irakurri dute profil hau ikerlariek eta bitan bereizi dituzte: txangozaleak (lo egin ez zutenak, %81,55); eta kirol-turistak (lo egin zutenak, %18,45).
Txangolariak batez beste 0,69 pertsonekin gerturatu ziren eta eguneko gastua pertsonako honako hau izan zen: ostalaritzan, 18,43 euro; aisialdian, 7,30 euro; merkataritzan, 6,93 euro; eta planifikatu gabeko gastu estretan, 5,47 euro. Orotara, txangozale bakoitzak 38,14 euro gastatu zituen batez beste. Haiekin batera izandako lagunak kontutan hartuta, 64,45 eurokoa izan zen batez bestekoa.
Kirol turisten gastuei erreparatuta, batez beste 1,52 pertsonekin batera iritsi ziren eskualdera eta hauen kasuan honako gastuak izan zituzten batez beste pertsonako: ostalaritzan, 36,29 euro (txangozaleak baino %96,60 gehiago); aisialdian, 11,29 euro (txangozaleak baino %54,68 gehiago); merkataritzan, 16,94 euro (txangozaleak baino %144,23 gehiago); planifikatu gabeko gastuetan, 7,26 euro (txangozaleak baino %32,58 gehiago).
Kirol turistek, gainera, ostatu hartu zuten eta horretan gastatutakoa ere aztertu dute. Hala, kanpotik iritsitako hiru korrikalaritik bik lagunen edo familiarren etxean egin zuten lo. Batez beste eguneko 76,99 euroko gastua izan zuen aterpetxea ordaindu zutenek eta haiekin joandako lagunak aintzat hartuta, 572,37 eurokoa izan zen gastua.
Ikerlariek nabarmendu dute azterlanaren ondorioetako bat izan dela bisitak gaua igarotzera aldatu behar direla, eta ez soilik eragindako inpaktu ekonomikoagatik, denbora badelako “oinarrizko aldagarria” parte hartzaileen esperientzian. Honako hauek Ramos irakaslearen adierazpenak: “Kirol ekitaldiak aukera aparta dira turistak kulturarekin eta anfitrioia den lurrak turistarekin konekta dezaten. Gainera, azterketarekin atzeman dugu egindako aktibitateak gastronomia, naturarekin harremana eta ondare monumentala bisitatzea izan dira”.
Orotara, bisitariak eta lasterkariak zenbatuta 1.665 pertsona gerturatu ziren Bidasoara, nagusiki Gipuzkoatik eta Euskal Herritik. Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik ere bidaiatu zuten eskualdera.
Erlazio sozialen garrantzia ere nabarmendu dute ikerlanarekin eta parte hartzaileen erdiak erantzun du interesatzen zaiela kirol interesak dituztenak ezagutzea. Hamarretik seik adierazi du lasterketa hasi aurretik sozializatzeko interesa duela, eta behin ekitaldia bukatutakoan, hamarretik zazpik du interesa lagunekin eta familiarrekin hitz egitekoa. Bestalde, lasterkarien %95k positiboki baloratu du boluntarioek emandako tratua.
Azkenik, parte hartzaileen %90k Bidasoko Maratoi Erdian parte hartuko duela esan du, eta korrikalari guztiek kirol proba hau eta eskualde hau bisitatzeko gomendatuko duela aitortu du. “Adierazpen hauek Bidasoko Maratoi Erdia eskualdeko turismoaren erreferentziazko bultzatzaile gisa posizionatzen dute”, bukatu dute.