Udal pintura ondarea birtualki bisita daiteke
Gaur zabaldu duten erakusketa birtualean 50 pintura koadro daude ikusgai eta funts garrantzitsuena Menchu Galen obrek osatzen dute.

Irungo Udalak udalarenak diren pintura ondarearen 50 koadro jaso ditu erakusketa birtual batean. Berria da galeria hau eta horren aurkezpena egin du gaur udalean Nuria Alzaga Kultura ordezkariak Pilar Soberon eta Javier Sagarzazu artistekin batera.
Super bereizmen handiko bisita birtuala eskaintzen du erakusketa birtualak eta ikusgai ez dauden obrak jaso dituzte bertan. Baliabide honen bidez, begi hutsez ikusten ez diren artelanen xehetasunak ikusteko aukera eskainiko dute. Erakusketa hau egiteko Next Generation funtsak erabili dituzte.
Alzagaren esanetan, erakusketa hau “aukera paregabea” da pintura ondarea beste ikuspuntu batetik erakusteko, hau da, inoiz erakutsi ez den ikuspegi batetik. Euskarri berri honi “arreta berezia” eskaini dietela azaldu du Nuriak, arte espresio guztiek argia edozein formatutan ikusteko helburuarekin.
Erakusketa bi sail handitan bereizi dute. Batetik, Menchu Gali eskaini diote tartea (Irun, 1919-2008) eta bere lan batzuk jarri dituzte ikusgai. Hark emandako funtsa da udalaren garrantzitsuenetarakoa eta horietako 35 koadro daude jada disfrutatzeko moduan. Lau arlotan banatu dituzte: itsas pinturak, paisaiak, natura hilak eta erretratuak.
Bestetik, gainontzeko udal funtsetako koadroak bildu dituzte eta bi gai dira nagusiak: Irun, eta beste gaiak. Irun izeneko gaian bertako bizimoduen eta agertokien irudiak eta estanpak jaso dituzte. Aldiz, beste gaien barruan miszelanea bat osatu dute eta udalaren pintura ondarearen “aniztasuna” eta “aberastasuna” islatu dituzte.
Honako artista hauen lanak ikus daitezke, besteak beste: Ignacio Zuloaga, Jose Antonio Sistiaga, Gaspar Montes Iturriotz, Vicente Berrueta, Dario de Regoyos, Bienabe Artia, Jose Gracenea, Jesus Montes, Ana Izura, Carmen Maura eta Javier Sagarzazu.