"Hondarribiko Udalak inoiz izan duen gastu onarpen handiena izan du, baina baita sarrerarik handiena ere"
2024ko kontabilitatea itxi berri haren inguruko balantzea egin du Hondarribiko Udalak.

Iaz, inoizko gastu onarpen handiena egin zuen udalak, baina baita sarrerarik handiena ere. Emaitza operazionala beraz, negatiboa izan dela jakinarazi du Hondarribiko udalak; “izan ere, gastu gehiago onartu ziren eskubideak baino”.
Bereziki, 28 milioi euroko eskubideak onartu zituzten iaz, eta onartutako obligazioak berriz, 28,5 milioi euro izan ziren. Hori dela eta, Hondarribiko Udalak Estatuko aurrekontu legeak ezarritako Aurrekontuaren Egonkortasun helburuak bete ez dituela onartu du Igor Enparan alkateak.
Hala ere, Plan Ekonomiko Finantzario bat egin beharrik ez dagoela jakinarazi du alkateak, aitortutako obligazioak Diruzaintzako Gerakinekin finantzatu baitituzte. “Are gehiago, esan genezake gastu arrunten eta sarrera arrunten balantzea positiboa dela 4,8 miloi eurotan, baina ekitaldiko inbertsio kopuruak direla-eta, 5,3 miloi euroko ekitaldiko emaitza negatiboa izan da” zehaztu du.
Hasierako aurrekontua 29 milioi eurokoa izan zen, eta beraz, aurreikuspenak kontuan hartuta udalak %90etik gorako betetze maila izan du. Kreditu txertaketaren ondorioz 5,2 milioi euro gehiago gehitu zitzaizkion aurrekontuari eta kreditu gehigarri bidez 7,6 milioi euroan handitu zen aurrekontua. Azken horietatik 6 milioi euro kreditu gerakinetik ordaindu dira.
Altxortegiari begira, aurreko ekitalditik hona gerakin gordina ia 62 milioi eurotik ia 61milioi izatera pasa dela esan dute ere, eta beraz, milioi bat eurotan murriztu dutela.
Azkenik, udalak orain artean “lan asko” egin dutela adierazi du, baina oraindik asko dagoela egiteko. Zentzu horretan, etorkizuneko erronkei ere konpromisoz erantzungo dietela esanez amaitu dute balorazioa.