Zaisa Txingudik aurkari zuzena jasoko du etxean
Biok Txingudik ligako liderra bisitatuko du, Txingudi/Baztan taldeak Gernika/Arratiko taldearen kontrako partida jokatuko du, Txingudi/Bera Bera/Baztan taldeak Donostian lehiatuko da eta Txingudi/Orereta/Baztan Hernanin.

Zaisa Txingudik aurkari zuzena jasoko du bihar Plaiaundin: Sortzen C/Beltzak taldea. Sailkapenean azkenak dira bidasoarrak, eta liga bukatzeko hiru jardunaldiren faltan “sentsazio onekin” bukatu nahi dutela adierazi dute Iñigo Camarero eta Leire Muñoz entrenatzaileek. “Oso joko ona erakutsi dugu denboraldian zehar, baina jokalari gutxi izateak taldearen lehiatzeko aukerak asko mugatu ditu”.
Aurten denboraldi irregularra egin dute, eta beraz, ezinbestekoa dute larunbateko partidan garaipena lortzea. Aurreratu dutenez, keinu berezi bat egingo diote Oreretako Errugbi Taldeari: partida haren elastikoekin jokatuko dute. Izan ere, errenteriako taldea 1985ean sortu zen. 90. hamarkadan ordea desagertu egin zen, eta egun Txingudi Errugbi Klubarekin elkarlanean taldea birsortzeko lanean ari dira. Partida arratsaldeko 16:00etan hasiko da Plaiaundiko zelaian.
Biok Txingudik, berriz, ligako liderra bisitatuko du. Bilbon, Errekaldeko errugbi zelaian, jokatuko dute bihar, 15:30ean, Uni Bilboren kontra. Norgehiagoka irabaztea beraz, zaila izango dute bidasoarrek eta tamalez play offa jokatzeko sailkapen matematikoa lortu dezakete.Hala ere, Asier Gonzalez, Alejandro Lasa eta Patxi Artola teknikoak “buru belarri” aritu dira partida hau prestatzen, eta beraz, bizkaiko hiriburuko taldearen aurrean taldea “jokorik onena” erakusten ahaleginduko da.
Harrobia martxan
Zaisa Txingudiren partidaren aurretik 16 urte azpiko Txingudi/Baztan taldeak Gernika/Arratiko taldearen kontrako partida jokatuko du, 13:00etan. Bestetik, Txingudi/Bera Bera/Baztan 18 urte azpiko taldeak Donostiako Puio zelaian jokatuko du bihar, 13:30ean. Azkenik, Txingudi/Orereta/Baztan 14 urte azpiko taldea Hernanin lehiatuko da bertako taldearen kontra, 11:00ean. Partida guztiak larunbatean jokatuko dira.