Txingudi badian, onenen artean lehian
10 erkidegotako 140 estropadalarik parte hartu zuten iragan astean Hondarribian jokatu zen Ilca 4 modalitateko Espainiako Txapelketan. June Olazabal hamargarren sailkatu zen.

Hilaren 5etik 9ra bitarte jokatu zen Hondarribian ILCA4 modalitateko Espainiako Txapelketa. Federazioen artekoa izan zenez, Euskadiko federazioarekin lehiatu ziren Hondarribiko Klub Nautikoko Ion Ancisar, Gaizka Segurado, Jon Herrero, June Olazabal, Ehki Gonzalez, Ander Gonzalez, Ane Lazaro eta Bauke Zumelaga.
ILCA4 belaontzi arineko modalitate bat da. Haurrak 4 edo 5 urterekin hasten direnean Optimist izeneko ontzi batekin hasten dira, eta handitzen direnean ILCA ontzira salto egiten dute. 12-18 urte bitartean, baina, bela txikiagoak erabiltzen dituzte. 4,70 metro koadrokoak, hortik haren izena.
Hondarribiko elkartearentzat itzelezko erronka izan da txapelketa antolatzea, baina «nota onarekin» gainditu dutela kontatu du Jokin Letamendia klubeko bazkide eta estropadalariak, harro: «Erronka handia izan zen, maila hau zehazki oso exijentea delako. Aldaketa handiak izateko adinean daude, eta oso lehiakorrak dira, bertatik irtengo baitira hurrengo kirolari olinpikoak».
Antolakuntza aldetik ere lan handia izan zutela zehaztu du bazkideak: boluntario taldea eta estropadako komitea osatzea, instituzioen eta babesleen laguntza lortzea… Baina parte hartzaileek, federazioak zein instituzioek «oso kontent» bukatu zuten. Horregatik oso pozik daude klubean.
Kirol mailari dagokionez, oso txapelketa fisikoa izan zen, estropadalariek baldintza gogorrei aurre egin behar izan zietelako: hego-ekialdeko haizea izan zuten, haize bolada gogorrekin. Kirolariek lau egunetan lehiatzeko adina haize izan zuten. «Oso arraroa da kirol hau praktikatzeko horren baldintza onak izatea». Horregatik, txapelketak badaezpada lau eguneko iraupena izaten duela azaldu du Letamendiak, era horretan, egun batean edo bitan behintzat lehiatu ahal izatea bermatzen delako. «Txingudiko badia ikusgarria da, baina ez ditugu beti baldintza onak izaten. Aldi honetan zortea ere aldeko izan dugu».

Euskadiko selekzioa.
Hondarribiko Klub Nautikoko estropadalarien artean June Olazabal nabarmendu zen. Hamargarren postuan amaitu zuen lehia 18 urtez azpikoen kategorian. Horrek Polonian jokatuko den Europako Txapelketan lehiatzeko aukera zabal diezaiokeela esan du Letamendiak, esperantzatsu. «Belaren baloreak transmititzen saiatzen gara elkartean txikiak direnetik: adiskidetasuna, sakrifizioa, itsasoaren ezagutza, egoera zailetan erreakzionatzeko gai izatea, ahalegin fisikoa… Baina, hortaz gain, Espainiako Estatuko jende onarekin borrokan bazaude, eta ondo egiten baduzu, pentsa! Guztiontzako harrotasuna da».
Olazabalez gain, Ion Ancisarrek, Ehki Gonzalezek eta Jon Herrerok urrezko taldean lehiatzea lortu zuten [bi taldetan banatu zuten txapelketa: urrezkoa eta zilarrezkoa], eta gainontzekoek ere maila bikaina erakutsi zuten.
Erreferenteak
Elkarteko gazteek prentsan ikusten dituzten gazte promesen kontra lehiatzeko aukera izan dute. Nesken kategorian, adibidez, Blanca Ferrandok irabazi zuen. 2023an Munduko Txapeldun izan zen optimist kategorian. «Hori oso guai-a da, eta ziur naiz oso baliagarriak izango zaizkien gauzak ikusiko zituztela».
Iaz, Master kategoriako Espainiako Txapelketa antolatu zuen klubak, eta kasu horretan ere, kirolari eta bazkide guztientzat esperientzia izugarria izan zen: «Olinpiar Jokoetan aritutako zenbait estropadalari etorri ziren, eta horiek bertatik-bertara ikustea sekulakoa izan zen».
Elkartea oso momentu gozoan dagoela adierazi du Letamendiak. Xabier Mendigurenen gidaritzapean dago, eta bazkideak azaldu duenez, hark oso argi du «belari dagokionez behintzat», kirolaren baloreetan hezi behar direla gazteak. Udako ikastaroak antolatzen dituzte urtero gazteek zein helduek kirola probatu dezaten, eta lehiatu nahi dutenentzako maila handiko estropadak antolatzen ahalegintzen dira. Guztira 200 estropadalari federatu ditu klubak eta optimist, ILCA4, wasp, wind surf, wind foil, gurutzeontzi eta melges ontzietan aritzen dira. Aldi berean, arrantza elkartea eta sozietatea ere dituzte.