Stammelen erakusketa inauguratuko dute Menchu Gal Aretoan
Gaur inauguratuko da Stammelen "Hilde, haurtzaroa eta vanitas- ak" erakusketa, 19:00etan. Maiatzaren 25 arte egongo da ikusgai, eta bisita gidatuak eskainiko dira artista eta komisarioarekin apirila eta maiatzean zehar (ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea).

Gaur inauguratuko da “Hilde, haurtzaroa eta vanitas- ak”, Barbara Stammelen erakusketa, Iruneko Menchu Gal Aretoan, 19:00etan. Hori dela-eta, goizeko prentsaurrekoan izan dira Irungo Udaleko alkateorde eta Kulturako ordezkari Nuria Alzaga, baita Stammel bera eta erakustearen komisarioa ere: María José Aranzasti. Alzagak erakusketa aretoak jaso dituen emakume artistak azpimarratu ditu, eta Stammelen obrari dagokionez, “mintzaira garaikideengatik apustu argia” egiten duela eta “oso estilo eta kalitate handikoa” dela nabarmendu du.
Stammel, artista aleman getariartua, ama hil zitzaionean hasi zen egun erakusketan ikusgai egongo diren hainbat erretratu margotzen. Neurri desberdinetako koadroak dira, handiak gehienak, ikusleari zuzen-zuzen begiratzen diotenak. Areto txikian, “Haurtzaroa” serieko lanak ageri dira, tartean, artistaren hiru autorretratu. Erretratu horiek, Stammelek 2014tik sortu dituen giza orbanekin batera, iragana gogora ekartzea dute helburu, joandako bizitzak ebokatzea. Gai hori vanitas edo natura hilen bidez islatu nahi izan du. Artistaren ezaugarri nagusietako bat pigmentu naturalak erabiltzen dituela da, askotan, lurra bera.
Erakusketa maiatzaren 25era arte egongo da zabalik, eta bisita gidatuak antolatu dituzte artista eta komisarioarekin, hurrengo egunetan:
Apirilaren 11an eta maiatzaren 9, 16 eta 23an, 18:30etan (komisarioarekin).
Apirilaren 4 eta 25ean, 18:30etan (komisarioarekin eta artistarekin). Bisita hau elebiduna izango da.
Bisita gidatuetara joan ahal izateko, ezinbestekoa da irunkultura@irun.org helbidera idatzi eta konfirmazioa jaso arte itxoitea.