Ia bi milioi euro, Irungo Udalaren diru laguntza deialdi orokorrean
Osotara 33 lan lerro finantzatzeko diru laguntza poltsa onartu du udalak. Horien eskaera egiteko epe orokorra bihar hasiko da.

Irungo Udalak prest du 2025eko ditu laguntzen deialdi orokorra. Osotara 33 diru laguntza lerro ezarri ditu udal erakundeak, eta denen artean ia bi milioi euroko (1.933.755 euro) partida osatzen dute. Bihartik (hilak 15, larunbata) eska daitezke arloz arlokako laguntza publiko horiek, eta eskaera epearen bukaera arloaren araberakoa izango da.
Diru laguntza horiek hainbat eremu hartzen dituztela jakinarazi du udalak: gizarte-munduan programak eta beste jarduera batzuk egitea; euskara sustatzea; ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzea; etxebizitzetan irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzea; merkataritza digitalizatzea; garapenerako lankidetza; kultur, hezkuntza, gazteria eta kirol jarduerak garatzea eta auzoetan auzo-elkarteen bidez ekimenak bultzatzea, beste askoren artean.
Dokumentazio eta baldintza guztiak, udalak eskaintzen dituen gainerako laguntzekin batera, eskuragarri daude udalaren webgunean. Horietara iristeko, baliatu esteka hau.