Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Egunean, hirian kontsumitzeko bonuak eman dituzte
'Bermearekin kontsumitu. Erosi Irunen' kanpainaren barruko galdetegiak egoki erantzun dituztenen artean, zozketa bidezko sariak banatu dituzte.

Gaur da, martxoak 15, Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Eguna. Horren harira, Bermearekin kontsumitu. Irunen erosi kanpainaren barruko sariak eman dituzte: hiriko 34 saltokitan kontsumoari buruzko galdetegiak jarri, eta 727 erantzun jaso ziren. OPndo erantzundako galdetegiak 167 izan ziren, eta horien guztien artean zozketa egin, eta 40ri egokitu zaie hiriko komertzioetan erosketak egiteko 60 euroko hamar bonu, eta 30eko beste hogeita hamar.
Gaur eman dizkiete sariak, udaletxean. Saridunekin batera, Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Kulturako ordezkari Nuria Alzagak, Kontsumoko ordezkari Sandra Caballerok, eta Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoaren arduradun Mikel Zabaletak parte hartu dute ekitaldian. Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoak sustatzen du kanpaina, Irungo saltokiekin elkarlanean, kontsumitzaileen eskubide eta betebeharrak ezagutarazteko eta haien inguruan sentsibilizatzeko.
Alzagak kanpainan parte hartu duten establezimenduen kopurua goretsi du. “Zehazki, 34 atxiki zaizkio ekimenari. Pozik gaude, lagundu egin nahi baitiegu eta horretarako sustatzen baititugu bertako saltoki eta ostatuetan kontsumitzea bultzatzeko politikak”. Caballerok, berriz, irabazleak zein parte hartzaileak zoriondu ditu: “Irunen kontsumitzaileen eskubideak hobeto ezagut daitezen lagundu dute, eta funtsezkoa da hori Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoarentzat. Gainera, kanpainari esker, Irungo saltokiek beren bezeroak saritu dituzte, eta are etorkizunerako fidelizatu ere. Azkenean, Udalaren helburua irundarrek hirian bertan kontsumitzea da”.