Euskaraldiaren bidez, "euskarari ximiko" egin nahi diote
Euskaraldia iritsi bitartean "motorrak berotzeko" egingo diren jarduerak zein Euskaraldian bertan egingo direnak aurkeztu ditu Hondarribiko Udalak, Igor Arrieta Euskaraldiko dinamizatzailearekin batera.

Euskaraldiaren testuinguruan Hondarribiko lanketa abiatu zuen udalak. Herri batzordea martxan jarri eta ordutik “buru belarri” aritu dira euskara herrian aktibatzeko egitaraua osatzen.
Maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldia, baina aste hori heldu baino lehen “motorrak berotzeko” hogeita hamar jarduera baina gehiago antolatu dituzte, herri batzordearen eta udaleko sail ezberdinen arteko elkarlanari esker.
“Herritik eta herrirako” egiten den egitasmo bat dela adierazi du Igor Enparan alkateak, “Hondarribiarrek euskaraz hitz egin dezagun gehiagotan eta gehiagorekin”. Hondarribian euskararen ezagutza %70 den arren, erabilera %16koa da soilik. Horregatik, Euskaraldiaren bidez herritarrek euskararekiko aktibazio eta kontzientziazio bat sortu nahi dute. “Herritarren artean, etxean, kalean… Jendeak ohitura hartu dezala euskaraz hitz egiteko, euskara gure hizkuntza delako”. Horretarako, hondarribiarrena soilik izango den leloa prestatu dute: Euskarari ximiko!
Herri mailako programazioa
Egitarauak bi zati izango ditu: Euskaraldiaren aurrekoa eta bitartekoa. Herriko txoko ezberdinetan, adin guztietako herritarrentzat osatutako egitaraua da ondu dutena.
Batetik, informazio puntuak antolatu dituzte, herritarrei Euskaraldia zer den eta nola parte hartu ezagutarazteko. Lehen hitzordua bihar izango da, Kirol kaian. Hondarribiko Traineru Jaitsiera baliatuz haurrentzako tailerrak eta helduentzako jarduera berezi bat prestatu dute. Gainera, norbanakoen izen ematea bihar zabalduko da, eta informazio puntuan izapideak egiteko aukera izango da.
Bitartean, liburu aurkezpenak, hitano saioak, tailerrak, mahai inguruak… Hamaika jarduera prestatu dituzte. Horiek behekaldean ikus daitezke.
Kirol kaiko puntuaz gain, Jaitzubian, Amute-Kostan, Mendelun eta Alde Zaharrean ere ipiniko dituzte informazio puntuak. Txapak jasotzeko egun ofiziala, berriz, maiatzaren 10a izango da. Egun horretan herri mailako dantza eskolekin zein Taupa mugimenduarekin goiz osoa hartuko duen ekintza antolatu dute.
Maiatzaren 15ean txapak janzteko ekitaldi kolektiboarekin emango diote hasiera Euskaraldiari. Egun horretarako, gainera, jarduera berezi bat antolatu dute: Mintzodromo ibiltaria. “Orain artean Mintzodromoak eserita egin izan dira, baina aldi honetan ideia berriak nahi genituenez, Alde Zaharrean hasi eta hizketaldia poteoarekin uztartuko dugu” azaldu du Garoa Lekuona zinegotziak.
Maiatzaren 20an Taupa mugimenduak sortutako Labur bira Euskarazko Film Laburren XXII. Zirkuitua lurreratuko da herrian. 9 laburmetrailez osatutako jardunaldia izango da, eta 9tik 7 lan emakume gazteek zuzendutakoak izango dira. “Lan berriak dira, telebistan eman gabekoak. Beraz, aukera polita da euskal zinemaz gozatzeko. Euskal zinema ez da Euskal Herrian egiten dena, euskaraz egiten dena baizik. Horregatik egin dugu Labur bira herrira ekartzeko apustua” azaldu du Igor Arrietak.
Maiatzaren 24koa ere egun garrantzitsua izango da, egun horretarako antolatu baitute Euskaraoke herrikoia. Goiz goizetik baina, jarduera ezberdinak antolatu dituzte: Erromeria, herri bazkaria, eta azkenik, Euskaraokea egingo dute. “Ondo pasatzeko zerbait antolatu nahi genuen, euskaraz”. 8 orduko saio bat izatea aurreikusi dute. Izena emateko xehetasunak aurrerago emango dituzte.
Aho bizi, belarri prest eta xaxatzaileak
Euskaraldia euskara bultzatzeko eta hizkuntzarekiko konpromisoa hartzeko egitasmoa da. Horregatik, izena ematen denean euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dute herritarrek.
Bi modutan parte hartu daiteke: Aho bizi edo belarri prest gisa. Lehenak euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen du, eta bigarrenak, euskaraz jakin ez arren euskaraz erlazionatzeko konpromisoa.
Aurten, xaxatzaile figura sortu dute ere. Haurrak dira paper hori izango dutenak, eta haien egitekoa da helduei euskaraz aritzea gogoraraztea. Txapa ofizialik ez badago ere, xaxatzaileek eurek propio sortutako txapak izango dituzte. Horiek egiteko aukera izango dute informazio puntuetan.
MARTXOA
- Martxoak 15 (11:00-14:00): Arraun euskaraz, Kirol kaian.
- Martxoak 20 (19:00-20:00: Labur bira, Kultur etxean, +16.
- Martxoak 22 (11:00-14:00): Euskaraldia auzoetan, Jaitzubian.
- Martxoak 25 (18:00): Irakurketa erraza saioa, Udal Liburutegian.
- Martxoak 27 (18:30): Hitano ikastaro laburra, Ritxi Lizartzaren eskutik, Kultur Etxeko 103 gelan.
- Martxoak 29 (11:00-14:00): Euskaraldia auzoetan, Mendelun.
APIRILA
- Apirilak 2 (19:00): Urtzi Urkizuren Txoria hodei artean liburu aurkezpena, Blaganek antolatua.
- Apirilak 5 (11:00-14:00): Euskaraldia auzoetan, toka euskaraz, Kasino Zaharrean.
- Apirilak 08 (18:00): Irakurketa erraza saioa, Udal Liburutegian.
- Apirilak 12 (11:00-14:00): Euskaraldia auzoetan Amute-Kostan.
- Apirilak 15 (10:30-12:30): Euskaraldia tailerrak, Udal Liburutegian.
- Apirilak 16 (10:30-12:30): Euskaraldia tailerrak, Udal Liburutegian.
- Apirilak 22 (10:30-12:30): Euskaraldia tailerrak, Udal Liburutegian.
- Apirilak 23 (10:30-12:30): Euskaraldia tailerrak, Udal Liburutegian.
- Apirilak 29 (18:00): Irakurketa erraza saioa, Udal Liburutegian.
- Apirilak 30 (17:30): Tailerra, Gaztelekuan.
MAIATZA
- Maiatzak 03 (Egun osoa): Taberna ibiltaria, San Pedro kalean.
- Maiatzak 03 (11:00-14:00): Mahai informatiboa, txapa banaketa.
- Maiatzak 07 (17:30): Tailerra gaztelekuan.
- Maiatzak 8 (19:30): Mahai ingurua, Blagan elkarteak antolatuta, Kultur Etxean.
- Maiatzak 10 (11:00-14:00): Gune ibiltaria (Taupa) eta Hondarribiko Dantza Eskolak, Portuan.
- Maiatzak 13 (18:00): Irakurketa erraza saioa, Udal Liburutegian.
EUSKARALDIKO EGITARUA
- Maiatzak 15 (17:00): Parketarrak.
- Maiatzak 15 (18:00): Txapa jartzearen ekitaldia, Kasino Zaharrean.
- Maiatzak 15 (18:00): Mintzodromo ibiltaria, Alde Zaharretik Portura.
- Maiatzak 15 (19:00): Miren Agur Meaberen hitzaldia, Udal Liburutegian.
- Maiatzak 17 (18:00): Irakurketa erraza saioa, Udal Liburutegian.
- Maiatzak 22 (17:00): Parketarrak.
- Maiatzak 22 (19:00): Momotxorroak dokumentala eta hitzaldia, Itsas Etxean.
- Maiatzak 23 (19:00): Kemen + Talde Nafarra Dantza, Santa Maria Madalena Plazan.
- Maiatzak 24 (12:00): Erromeria, Portuan.
- Maiatzak 24 (14:00): Bazkaria, Santa Maria Madalena plazan.
- Maiatzak 24 (16:00-24:00): Euskaraokea, Santa Maria Madalena plazan.
- Maiatzak 24 (19:00): Gamazada, antzerki eta dantza ikuskizuna, Arma Plazan.
- Maiatzak 27 (18:00): Irakurketa erraza saioa, Udal Liburutegian.
- Maiatzak 25 (Egun osoa): Hondarribiko dantzari txiki eguna: goizean kalejira; eguerdian hamaiketakoa, Gipuzkoak plazan; bazkaria soroetan; arratsaldean erromeria.
- Maiatzak 29 (17:00): Parketarrak.