Asun Casasola ipuin lehiaketak hamar urte bete ditu
Asun Casasola hunkiturik igo zen oholtza gainera: "Zuek gabe ezinezkoa izango litzateke lehiaketa honekin jarraitzea. Zuek gabe Nagore [Laffage] ez litzateke existituko". Aurtengo edizioan 694 ipuin jaso dituzte, inoizko parte hartzerik handiena.

Asun Casasola Ipuin Lehiaketak 10 urte bete ditu eta urteurrena sari banaketa berezi batekin ospatu zuten atzo iluntzean, Kabigorri Ateneoan.
Harro igo ziren oholtzara Malen Garmendia eta Joana Otxoteko aurkezleak; “Izan ere, urtemuga borobil honetara iristea ez da edozer, eta argi dugu ez genukeela lortuko bakarrik” esan zuen Garmendiak. Urte hauetan guztietan lehiaketan zehar bidelagun izan dituzten pertsona guztiei eskerrak eman zizkien ondoren Otxotekok, baina eskerrik beroena Asun Casasolarentzat izan zen.
Azaroak 25aren, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Egunaren harira, Parean elkarteak Hitzak josis, berdintasuna saretuz dokumentala osatu zuen. Dokumental horrek Casasolaren urteetako borroka islatzen zuen, baita lehiaketaren izateko arrazoia ere. Beraz, dokumentala proiektatuz hasi zuten sari banaketa.
Azken urteetan indarkeria matxistaren aurkako ikur bihurtu da Asun Casasola, eta deitzen dioten leku guztietara joaten da: telebistako platoetara, irratietara, ikastetxeetara… Aste honetan bertan, Markinan, Logroñon, Iruñean izan da. Casasolaren aburuz garrantzitsua da gizarteak feminismoaren, genero indarkeriaren, matxismoaren, eta halako gaien inguruan hausnartzen jarraitzea eta ipuin lehiaketa ere baliagarria da oso bide horretan.
Bidean zehar sentitutako amorru eta ezintasunak “irudimenari lehio bat” ireki zion duela hamar urte. Irungo 20 bat gizarte eragilek, Txingudi antisexista plataforman bilduta, ipuin laburren lehiaketa bat antolatu zuten. Eta Casasolari omenaldia egin asmoz Asun Casasola izena eman zioten lehiaketari. “Bere borrokan lagundu eta indarkeria matxistarik gabeko gizartea irudikatu nahi du lehiaketa honek” esan zuten. Casasolak dokumentalean azaldu zuenez lehiaketa honek asko betetzen du.
Sari banaketa
Euskarazko zein gaztelaniazko, heldu zein gazte kategoria jasotzen ditu lehiaketak. Aurten 694 ipuin jaso dituzte, orain arteko errekorra, eta urte hauetan guztietan jasotakoekin batera, “elkarrekin josten ari garen sarea osatzen jarraitzeko hari berriak” diela adierazi zuen Otxotekok. “Sare hori berdintasuna da eta kontziente gara oraindik asko dugula josteko. Batzuetan adabakiak jartzea eta berriz hastea tokatzen da, eta gauzak erraz jartzen ez diguten haize boladak etorri arren, aurrera goaz: hariz hari, hitzez hitz”.
Emakumeak izan dira idazleen %51,9a, gizonezkoak, berriz, %48,1a, “ia ia parean” esan zuen Garmendiak sari banaketari humore pixka bat jarriz. Jatorri anitzetik jaso dituztela nabarmendu zuen ondoren: Euskal Herritik, Estatu Espainoletik, Argentinatik, Kubatik, Perutik, eta baita Japonetik, Estatu Batuetatik edota Mexikotik ere.
Aaurten, gainera, esker berezia eman zieten inguruko herrietako zenbait ikastetxeri, ikasleen partaidetza bultzatzeagatik, eta esker ona adierazteko txoko bat egin zieten ekitaldian. Toki-alai ikastetxeko, Txingudi Ikastolako, Dunboa ikas komunitateko eta Eguzkitza ikastetxeko zuzendariek irabazleek testuak irakurtzeko ardura izan zuten.
Epaimahaikideen lana ere goraipatu zuten aurkezleek. Aurten ere literaturarekin edo feminismoarekin harreman zuzena duten pertsonek osatu dute epaimahaia: Iurre Ugartek, Ainara Zuazabeitiak, Aitziber Zapirainek, Itziar Gomezek, Ainara Maiak, Esther Lopezek, Noelia Lorenzok, Maite Bergarak, Naroa Gonzalezek, Marian Benitezek, Mertxe Trantxek eta Maria Jose Noainek.
Azkenik, ipuin saridunak entzuteko ordua heldu zen. Maite Elizondoren arpa soinuaz lagunduta irakurri zituzten ikastetxeetako ordezkariek hurrengo irabazleen ipuinak: Helduen kategorian, euskaraz, Gorane Cobas urnietarrak irabazi zuen saria. Gaztelaniazkoan, berriz, Javier Caballero sevillarrak irabazi zuen. Gazteen kategorian, euskaraz, Egiluze ikastetxeko Ander Arozena hondarribiarrari eman zioten saria, eta gaztelaniazkoan Peruko Bruce Brad Oskar Silvak jaso zuen saria.
Asun Casasola
Ipuinak irakurri ondoren, Asun Casasolari esker beroenak emateko ordua heldu zen. Oholtza gainera igotzeko gonbita egin eta hamargarren urtez eskerrak ematen jarraitzen duela esan zuen Casasolak. “Zuek gabe ezinezkoa izango litzateke lehiaketa honekin jarraitzea. Perutik idaztea, Sevillatik… besterik gabe eskerrak eman nahi dizkizuet zuek gabe Nagore [Laffage] ez litzatekeelako existituko. Indarkeria matxistaren biktima bat gehiago izango litzateke eta ez ginateke berataz hitz egiten egongo”.
Aurreko edizioetan baino urduriago zegoen Casasola, “hainbeste lekutan egon ondoren gorputzak pilatutako nekearen ondorioa akaso”, egin zuen gogoeta. “Baina pozik nago ere, halako tokietara joateko deitzen ez nauten egunean ez dakit nola egongo naizen”. 17 urtetako borroka du bizkarrean Casasolak, “17 urte eskerrak ematen, borrokan, nire ondar alea jartzen”.
Aldarrikapenerako ere baliatu zuen aukera: “Gaizto gutxi batzuk daude, eta ez zaie harrapatu behar. Horiek isolatu eta gainontzekoek gizarte polit bat sortu behar dugu, bizi eta zoriontsu izateko, errespetuan oinarrituta”.
Bat, ez, bi lore sorta jaso zituen Casasolak. “Benetan, ez dut loreengatik egiten!” esan zuen barrez. “Zuen maitasuna izugarria da niretzat. Gauza positiboekin geratzen naiz, eta orain pertsona hobea naizela uste dut”.