"Asiako liztorra iritsi da, eta aurrera segitzeko hauspoa da saria"
Gipuzkoako Ezti Lehiaketako bigarren saria jaso du irundarrak, eta horrekin Irungo ingurua «ona» eta "egokia" dela ikusarazi dela uste du. Bidasoko erlezainak "motibatu" dituen saria izan da.

Afiziotik heldu zion orain bost urte erlezaintzari Itziar Lopez (Irun, 1976) erlezain eta irakasleak. Egun, Bidasoko Erlezainen Elkarteko kidea da, eta pasa den astean Bidasoa ordezkatu zuen Zegaman egin zen 25. Gipuzkoako Ezti Lehiaketan. Bigarren saria ekarri zuen etxera.
Gipuzkoako Ezti Lehiaketan bigarren sailkatu zara. Gustura geratu al zara?
Harrituta geratu naiz, egia esan. Gurean urte gutxi daramagu erleekin, apenas bost urte. Aurten beteko ditugu bost urte, eta ez dugu produkzioko lanik egiten; gure helburua ez da eztia ekoiztea, erleekin aritzea baizik. Orduan, saria oso betegarria izan da. Urte gutxi daramagu eta ezjakintasun handia izanda ere, gure erleek egindako lana txukuna izan omen da, eta hala baloratu dute. Eztia goxoa da. Kantitate gutxi, baina kalitatezkoa. Oso pozik gaude.
Zer baloratu du epaimahaiak?
Aldez aurretik Gipuzkoako eskualdeetan lehiaketa bat egiten da, eta Bidasoan San Tomas egunean egiten da, Irungo Urdanibia plazan. Bertako lehenengo lehen hiru sailkatuak Gipuzkoako lehiaketara joaten dira, pasa den igandean Zegaman egin zenekora. Bi lehiaketa hauetan epaimahaiak hainbat gauza baloratzen ditu: nola dagoen ontziratua, modu egokian dagoen ala ez, ea burbuilak dituen, ea zikina dagoen, tapa egokia den ala ez… Horrez gain, eztiaren zaporea baloratzen dute ere bai. Horretan beste hainbat gauza har daitezke kontuan, norberaren gustua, esate baterako.
Aurretiko zein lan suposatzen du horrelako lehiaketa batera aurkezteak?
Lehenengo aldia da aurkezten garela lehiaketa batera, eta nahita egin genuen, Bidasoko erlezainak motibatzeko. Oso gutxi gara. Oso-oso gutxi, eta hauspotzeko dei bat izan zen lehiaketa hau. Gure elkarteko erlezainak parte hartzera animatu genituen, irundarrek eta bidasoarrek jakin dezaten Irunen badaudela erlezainak, eta bertan ezti oso ona eta kalitatezkoa dagoela. Jendeak jakin behar du horrela dela. Hori erakusteko modu bat da lehiaketetan parte hartzea. Gure etxean 21 kilogramo ezti soilik atera ditugu; badakigu gutxi direla, eta gainera kilogramo bat lehiaketan parte hartzera bideratu dugu. Kontzienteki erreserbatutako kantitatea izan da, aipatu dudan bezala parte hartzea sustatzeko.
Sariarekin etxera itzultzean, nolako harrera jaso duzu?
Sorpresa jaso dute Bidasoko Erlezainen Elkarteko kideek. «Hara, begira! Iritsi berri da, eta saria eraman du», esaten zidaten. Niretzat ere izugarrizko sorpresa izan da, baina askoz ere sorpresa handiagoa jaso nuen Zegaman. Bertan Gipuzkoako 21 ezti aurkeztu ziren, eta hoberenak! Burutik ere ez zaizu pasatzen zure eztia izan daitekeela bigarrena edo hirugarrena. Bertara zoaz tokatu zaizulako, jakin-minez. Sorpresa handia izan da eta oso pozgarria, benetan.
Azkenean, baloratu dutena da Irungo ingurua ona eta egokia dela ezti goxoa eta kalitatezkoa sortzeko. Nik ekoiztutakoa da, baina nire ondoan Miguel Berridi dago, Irunen bigarrena gelditu zena, eta Jexux Mikeleiz hirugarren izan zena. Toki berean dauzkagu erleak, eta lore berberetatik jasotzen dute hiruen erleek nektarra. Nireak ez dira beraienak baino hobeagoak, baina hala suertatu da, eta jakinarazi nahiko nuke Irunen daukagun eztia oso ona dela, eta sari honek hori erakutsi duela. Horrek ere motibatzen gaitu aurrera jarraitzera, gauzak ez baitaude erraz. Hauspo bat izan da saria jasotzea erlezain guztientzat, ez niretzat bakarrik. Asiako liztorra hortxe dago, eta aurrera segitzeko hauspoa da sari hau.
Zer behar du ezti batek ona eta kalitatezkoa izateko?
Urte gutxi daramatzat, eta honetan sartu nintzenean argi nuen ez nuela ekoizpena bilatzen. Ahalik eta eztirik naturalena nahi nuen, eta horretarako erlearen erlauntzeko bizimoduak ahalik eta naturalena izan behar du. Saiatzen naiz erleen zaintzan ahalik eta gutxien interbenitzen; ahalik eta gutxien eskua sartzen eta erleak ahalik eta erosoen egoten. Neguan zehar bazka ematen diegu, eta ekologikoa den janaria jartzen saiatzen naiz. Interbentzioa eskasa bada ere, tratamenduak egin behar dira.
Erlea goxo eta gustura egon dadin saiatzen naiz, eta horrek kontra duena da produkzioa eskasa dela. Niri konpentsatzen dit, etxerako eztia ekoizten dudalako eta ateratzen den eztia oso-oso goxoa delako.
Nektarra hainbat zuhaitz eta loretatik jasotzen dute. Zure erleek nondik ateratzen dute?
Gure inguruan akaziatik, baina urtearen araberakoa da. Urte ona baldin bada, erleek akaziatik hartzen dute; ez bada urte ona, iazkoa adibidez, akaziatik gutxiago hartu zuten. Iazkoan gaztainondotik jaso zuten batez ere, hemen asko ditugu-eta. Sasi lorea, txilarra –ez asko– , eta loreak ere bilatzen dituzte. Udaberrian ateratzen diren lore guztietatik ere jaten dute. Eztiak horren guztiaren kutsua izango du. Gure eztiaren kutsua horren guztiarena da, baina egia da gaztainaren zapore nahiko adierazgarria duela. Ukitu pertsonala ematen dio.
Noiztik duzu erleekiko afizioa?
Oso erromantikoa da [barre egin du]. Duela urte batzuk bizi ginen lorategi txiki bat zuen etxe batean, eta landare aromatiko batzuk jarri genituen. Horiek jarri bezain pronto erlastar pila bat inguratu zitzaizkigun lorategira. Erlastarrak potoloak diren erle mota bat da, erleen lehengusu handia nolabait. Orduak pasatzen nituen lorategiko belarrean etzanda haiek ikusten. Lore artean sartzen nintzen, eta ez zidaten kalterik egiten, haien lana egiten ari zirelako. Hortxe hasi nintzen maitemintzen erlastarrekin bereziki, baina gero haien bitartez erleekin maitemindu nintzen.
Urtetara eta bizitzak aukera eman zidanean Zaldibiara joan nintzen Gipuzkoako Erlezainen Elkartera, han ikastaro bat egin nuen. Maiatzean hasi nuen ikastaroa, eta sanmartzialetarako jada bost erlauntza nituen. Orduan hasi nintzen abentura honekin.
Jarraitzeko gogoz?
Bai. Egia da urte asko daramaten erlezainek esaten zidatela ea nolatan animatu nintzen erleekin lan egitera, dagoen egoera ikusita. Nik esaten nien nik ez dudala besterik ezagutu. Beraiek erlea baldintza hobeagotan ezagutu dute, Asiako liztorrik gabe eta barroaren kalte gutxiagorekin. Urteak daramaten erlezain asko nekatzen hasi dira. Lan egin eta gero ezer ez jasotzea… Ni, baina, aurrera jarraitzeko gogoz nago eta bereziki kontzientziazio lanarekin nabil. Zer itzuli ahal diot naturari? Zer eman diezaioket gizarteari? Horrek pizten dit jarraitzeko grina.