Hiru hotz kontsigna instalatu ditu udalak
Hasiera batean Irun Market plataformaren bidez erosi duten bezeroentzat izango da. Nafarroa hiribidean, Mendibilgo azokan eta Hondarribia kalean instalatu dituzte.

Irun Market bidez online erosketak egiterakoan momentuan jasotzeko aukerarik ez egotekotan, eskaria geroago jasotzeko hiru hotz kontsigna berri erabili ahalko dituzte kontsumitzaileek. Nafarroa hiribidean, Mendibilgo azokan eta Hondarribia kalean instalatu dituzte hiru hotz kontsignak eta horien aurkezpena egin dute gaur.
Nuria Alzaga Hiri Bultzadako ordezkariak adierazi du garai berriekin eta kontsumitzeko modu berriekin bat egiten duen instalazioa izan dela. Era berean, hiriko merkatariei digitalizazio prozesuan laguntzeko apustua berretsi dutela uste du Alzagak. “Beti egongo gara hiriko merkataritzaren eta ostalaritzaren ondoan, bertako ekonomiaren parte garrantzitsu bat baitira, horregatik ematen diegu bultzada eta babes berri bat, eta onena oraindik iristeke dago”.
Hasieran online salmentarako Irun Market plataformaren parte diren saltokiek erabili ahalko dute esklusiboki, baina aurrerago hiriko saltoki guztientzat egongo da erabilgarri. Egun gutxi barru aktibatuko dituzte.
Funtzionamendua
Bezeroak online plataformaren bidez erosi behar du produktua. Ondoren, merkatariak eskaera prestatuko du eta Badoa zerbitzuak eramango du eskaria kontsignara. Azkenik, bezeroak QR kode bat jasoko du eta haren bidez bere kontsigna ireki ahalko du.
IrunMarket, deskontuak
Irun Marketen hilabetea izango da martxoa; hala iragarri du Alzagak. Izan ere, hilabete honek iraun bitartean, IrunMarket online plataforman erabiltzeko deskontu kodeak eskatu ahalko dira. Guztira, 30.000 euroko inbertsioa egin dute kanpaina honetan eta horiek Irungo Udalaren egoitza elektronikoan eska daitezke.
Pertsona bakoitzak eskaera bakarra egin dezake eta bost deskontu kode jasoko ditu mezu elektroniko batean. Kode horiek maiatzaren 5etik ekainaren 15era bitartean erabili ahalko dira Irun Market plataformarekin bat egiten duten establezimenduetan.
Kode berbera saltoki batean baino gehiagotan ez erabiltzeko, erosketak bereiz egin beharko dira saltokiko. Beraz, saski birtualean establezimendu bateko baino gehiagotako produktuak badaude, kodeak ez dira erabilgarri egongo. Kode bakoitza erabiltzeko 30 eurotik gorako gastua egin beharko da.