Babes Zibilak 71 interbentzio egin zituen iaz
Interbentzioen balantzea egin dute eta guztira 1.268 ordu egin zituzten. Bestalde, udal babes plana eguneratzen ari dira.

Babes Zibileko lanaren 2024ko balantze “ona” egin dute Udaltzaingoan eta bertan izan dira Iñigo Berges Segurtasunerako udal ordezkaria; Ana Fernandez, Segurtasunerako zuzendaria; Iñigo Etxepare, Larrialdietako teknikaria eta Emilio San Juan, Babes Zibileko burua.
Gutira 21 boluntariok osatzen dute Irungo Babes Zibila eta iaz 71 alditan esku hartu zuten. Orotara 1.268 ordu egin dituzte lan eta bataz beste bost boluntariok hartu dute parte interbentzio bakoitzean: %60 kultur eta kirol arloko eta aisialdiko ekitaldietan; %22,53 alerta egoeretan eta larrialdietan; eta %16,90 prestakuntza eta gizarte gaietan. Zehazki, meterologiari lotutako 16 alertari erantzun diote, batez ere Bidasoa ibaiaren hazkundeagatik.
Uholdeei aurre egiteko uhateak jarri zituzten larrialdi meterologikoa suertatu den tokietan, hala nola, Behobia parean eta Gal stadiumaren inguruan. Gaineratu dute Bidasoa ibaiaren uholdeak “kontrolatuta” dauzkatela dagoeneko, baina Jaitzubia errekari begira jarri dira. Ohartu dira eurite handiekin gainezka egiten duela Txingudi ikastolaren parean. Ingurua monitorizatu nahi dute uholdeak aurreikusteko.
Kaleko lanaz gain, oinarrizko hamabi formakuntza ere jaso dituzte boluntarioek: lehen laguntza; bihotz birikak bizkortzekoak; mendian nork bere burua babestekoa; eta beste erreskatatzekoak eta larrialdietan arreta psikologiko eta soziala ematekoak. Aurten beste hainbat eman nahi dituzte: irrati komunikazioa, bide segurtasuna eta motozerra.
Ikastaro hauek ez dira soilik boluntarioek haien jardunean jakintza gehiago izateko, baizik eta beraiek ere gai horiei buruzko ikastaroak emateko. Izan ere, udaran kirol taldeetako kirolariei ematen dizkiete masaje kardiobaskularrei buruzko ikastaroa, esatea baterako.
Babes Zibileko plana eguneratu nahi dutela jakinarazi du Etxepare teknikariak. Oraingo martxan dagoena 2022koa eta beratn jasotako informazioa 2018ko datuekin osatutakoa da. Ordutik Irun “aldatu” eta “eraldatu” egin dela ziur da Etxepare eta baldintza klimatikoak ere aldatu egin dira. Udal planak hamasei arrisku ditu identifikatuta.
Komunikazio analogikoa
Prebentzioa eta lana hobetzeko asmoz, komunikazio analogikoa berreskuratuko du Babes Zibilak. Valentziako tanta hotza jarri dute eredu, gogoratuz katastrofea izan bitartean komunikazio digital guztiak erori egin zirela. Beraz, errepikagailuek funtzionatuko ez balute talkie bidezko komunikazioa berreskuratzeko erabakia hartu dute.
Boluntario beharra
Hurrengo urteko erronka boluntario gehiagok izena ematea ere bada. Parte izan nahi duenak Irun eta Hondarribikoa edota Irunekin muga egiten duen herriren batekoa izan behar da. 18 urtetik gora eduki behar dira eta laguntzeko gogoa eduki behar dute. Behin inskribatuta, Eusko Jaurlaritzak eta Irungo Udalak formakuntza emango die boluntarioei. Formakuntza horietako bat Arkautin ematen da.